Europako Batzordeak inbertsioak eta gida bat onartu ditu antigeno testak sustatzeko
Proba azkarrak noiz eta nola erabili azaltzeko argibideak eman dizkie Europako Batasuneko kideei. Estatuetako liderrak gaur bilduko dira, eta pandemiari aurre egiteko neurriak aztertuko dituzte.
Antigeno test azkarra erabiltzeko apustua egina dauka Europako Batasunak. Gaixo asintomatikoak ahalik eta lasterren atzemateko baliabide ezinbestekotzat jo zituen Europako Kontseiluak, joan den urriaren 28ko bilkuran, eta horiek PCR probekin batera erabiltzea gomendatu zien batasuneko estatu kideei.
Aholku horri jarraituz, Europako Batzordeak hainbat neurri hartu zituen atzo [azaroak 18]. Batetik, gida bat osatu du ECDPC Europako Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Zentroaren ekarpenak eta estatu kideenak aintzat hartuta. Gida horrek zenbait irizpide jasotzen ditu zehazteko zer antigeno test aukeratu behar diren, noiz erabili behar diren eta nork ezarri behar dituen.
Estatuek proba azkarrak egiteko duten gaitasuna indartu nahi duela adierazi du batzordeak, eta, horretarako, hitzarmen bat sinatu du Gurutze Gorriarekin eta Ilargi Gorriarekin. 35,5 milioi euro bideratuko ditu bi erakunde horietara, bertako langileak trebatzeko, horiek ere antigeno probak egin ditzaten.
Horrez gain, Europako Batzordeak dei egin die kideei elkarren testen emaitzak baliozkotzat jotzeko. Neurriari garrantzia aitortu dio, mugaz gaindiko pertsonen joan-etorriak, kutsatuen kontaktuen jarraipena eta tratamendua erraztu ahal izateko. Barne merkatuarentzat ere urrats onuragarria izango dela uste du batzordeak.
Europako Batasuneko estatu kideetako liderrak gaur [azaroak 19] bilduko dira, Bruselan, eta COVID-19aren pandemiari aurre egiteko neurriak aztertuko dituzte. Besteak beste, antigeno test azkarrei begirakoak.