Gehiago birziklatzen den arren, gero eta hondakin gehiago sortzen da Debabarrenan
Eskualdeko biztanle bakoitzak 427 kilo hondakin sortu zituen iaz. 2010. urteaz geroztik bildutako hondakinen kopurura %8,83 igo dela ohartarazi dute.
Debabarrena Mankomunitatea gaikako bilketaren tasak handitzeko ahaleginetan ari da etengabe, eta igoera esanguratsuak lortzen ari direla adierazi dute. Hala ere, hondakin kopurua geroz eta handiagoa dela zehaztu dute. Datuak kontuan hartuta, iaz 31.162 tona hondakin batu zituzten; hau da, eskualdeko biztanle bakoitzeko 427 kilo hondakin sortu zituen. Kopuru horretatik %54 bereizita batu eta birziklatzeko kudeatu zituzten.
Agertu dutenez, gaikako bilketaren tasak gora egin du azken hamarkadan. Hain zuzen ere, gailkako bilketak %33 egin du gora (%21etik %54ra) 2010etik; Mankomunitatearen iritziz, datu hori “oso positiboa da. Dena den, herritarrek gero eta gehiago birziklatzen badute ere, gero eta hondakin gehiago sortzen dutela azpimarratu dute. “2010. urteaz geroztik bildutako hondakinen kopurura %8,83 igo da; 2.529 tona gehiago, denetara”.
Azaroaren 21etik 29ra ospatuko den Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen harira, hain zuzen ere, herritarrei haien birziklapen ohituren eta sortzen duten hondakin kopuruari buruz hausnartzeko eskatu diete, eta modu horretara, kopuru hori murrizteko moduak bilatu.