Lea-Artibai eta Mutrikun 11 herri batzorde ari dira lanean
Ehunka batzorde antolatu dira Euskal Herri osoan Euskaraldari bultzada emateko. Era askotako ekimenak antolatu dituzte milaka lagunek ariketan parte hartzeko.
Ehundaka batzorde antolatu dira Euskal Herri osoan, herriz herri Euskaraldiari bultzada emateko. Euskaraldirako dena prest egon dadin lanean ari dira batzordeak, eta milaka lagunek ariketan parte hartzeko era askotako ekimenak antolatu dituzte. Euskal Herriko osoko 147.000 lagunek izena eman dute Euskaraldiaren hasieraren atarian; horietatik %79k Ahobizi modura jarduteko izena eman du eta %21 ariko da Belarriprest rolean.
Pandemiak eragindako osasun krisian erraza izan ez duten arren, herriz herri lanean ari diren boluntario eta eragile sarea zabala da. Guztira, Euskal Herriko 421 udalerritan ari dira herri batzordeak lanean. Bizkaian 97 udalerritan antolatu dira batzordeak, eta 106 udalerritan egingo da Euskaraldia. Gipuzkoan, aldiz, 64 batzorde ari dira lanean 84 udalerritan.
Herri kopurua eta batzorde kopurua ez datoz bat. Izan ere, Euskaraldiaren oinarrietako bat elkarlana eta saretzea da, eta batzordeetan ere agerian geratu da elkarlan hori. Batzordeak ere saretu egin dira euren lana ahalik eta eraginkorrena izateko. Tokian tokiko antolaketa egin dute. Horrela, leku batzuetan, oso herri txikiak dauden lekuetan esate baterako, batu eta eskualde mailako antolaketak egin dira, eta batzorde batek zenbait herri kudeatzen ditu. Beste batzutan, ostera, hiriburuetan adibidez, auzo bakoitzeko egoerari erantzun ahal izateko auzo batzordeak sortu dira. Tokian tokiko egoeraren arabera, ahalik eta eraginkorrenak izateko antolaketa modu bat aukeratu dute, baina beti ere elkarlanean oinarrituta eta saretze horri esker.
Aurten, gaurtik abenduaren 4ra egingo den ariketa sozialerako dena prest egon dadin lanean ari dira baita Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko batzordeak ere. 11 herri batzorde osatu dira Lea-Artibain eta Mutrikun: Amoroton, Aulestin, Berriatuan, Etxebarrian, Gizaburuagan, Ispasterren, Lekeition, Markina-Xemeinen, Munitibarren, Ondarroan eta Mutrikun. Eta 11 dira baita Busturialdean lanean ari diren batzordeak: Ajangizen, Arratzun, Bermeon, Busturian, Errigoitin, Gernika-Lumon, Ibarrangelun, Kortezubin, Mundakan, Muxikan eta Sukarrietan.
2018ko ariketan bezala batzordeak oso inplikatuta egon dira. Lehen momentutik oso aktibo ibili dira, esate baterako, Ispasterren. COVID-19ak mugatuta, batez ere sare sozialen bidez eman diote bizia atarian dagoen bigarren Euskaraldiari, eta arrakasta handiz. Aulestin ere gogotsu ibili da batzordea.
Erantzun ona Ispasterren. Lehenengoetatik eman zuen izena Euskaraldian Ispasterko batzordeak, baina pare bat batzar eginda, udarako utzi zuten dinamizazioa, udara begira egitarau oparoa izatea espero zutelako. COVID-19agaz baina, apur bat geldituta egon ziren, hala ere, lehen aukeran jarri ziren berriro martxan, eta Etxealditik Euskaraldira dinamikan parte hartu zuten. Adinekoak, Guraso Elkartekoak, Ehiza taldekoak, udalekoak… Bederatzi boluntarioko talde anitza osatu dute, eta batez ere, WhatsApparen bidez mugimendua sortzen ari dira herri mailan.
Ariguneak osatzen joateko ere, herriko elkarte eta enpresak identifikatu eta eurengana hurreratu ziren Euskaraldiaren berri emateko; izena ematea ere euren bidez egin zuten. Herri txikiaren onura hurbiltasuna dela azpimarratu dute, eta horretaz baliatu dira ahal izan duten guztiarengana heltzeko. Batzordearen lanari esker 28 arigune osatu dira Ispasterren, eta guztira 110 norbanakok eman dute izena Euskaraldian Ahobizi edo Belarriprest izateko asmoz.
Herritarren erantzunagaz «pozik» geratu direla adierazi dute Ispasterko herri batzordekoek
«Etxean egonda ez da aukera gehiegirik egon herritarrengana hurreratzeko, baina WhatsAppez eta Facebook eta bideoen bidez ahalegindu gara herritarrengana heltzen», azaldu du Eskarne Gogenola batzordeko kideak. Mahaiak ere jarri nahi izan dituzte, batez ere nagusiengana ailegatzeko, «teknologia zailago delako eurentzako», baina pandemiak ez die utzi. Azken egunetan txapak banatzen ibili dira udaletxean, lokalean edota eskutik eskura.
Herritarren erantzunagaz «pozik» geratu direla adierazi dute. «Bideo bat ere egin dugu eta ezezko bat ere ez dugu jaso. Denak egon dira parte hartzeko prest». Sareen bidez zabaldu dute bideoa, herritarrei azken bultzadatxoa emateko.
Aulestiarrak ekimenak sortzen. Aulestiko batzordea 2019ko abuztuan hasi zen batzen. Santa Eufemietarako kartela atera nahi zuten Euskaraldiari ikusgarritasuna ematen hasteko. 2019ko abenduan bigarren ariketa sozialaren aurkezpena egin zuten, eta sare bat osatu zuten herritarrek 2020rako zituzten desio edo nahiekin.
Hasieratik izan dute herritarren erantzun ona. Sarearen osaketan jende askok parte hartu zuela eta ekintza polita geratu zela gogoratu du Oihana Eizagirre Aulestiko batzordeko kideak. Baina Euskaraldiagaz hasi eta berehala ailegatu zen etxealdia. Hasiera batean ezjakintasuna nagusi bazen ere, lehen proposamenetik animatu ziren berriro ere aulestiarrak eta Etxealditik Euskaraldira egitasmoan parte hartu zuten.
Arrakasta handia eduki du Kultur Batzordeak eta Euskaraldiko herri batzordeak antolatutako Egunean Behin herriko taldeak
Sareen eta WhatsApp bidez dinamizatu dute herria batez ere. «Leihoetan puntuak jarri eta argazkiak atera ziren eta horiekin guztiekin bideo bat ere egin genuen». Uztailean hasi ziren ariguneen gaia lantzen, hala ere, pandemiaren ondorioz, irailera arte ezin izan dute bilerarik egin. Irailaren amaieran gonbidapenak bidali zizkieten talde, elkarte taberna eta denda bakoitzari eta udaletxeko aretora deitu zituzten guztiak. Bertan izena emateko aukera eduki zuten. Ariguneekin ere bideo bat egin zuten, eta hori erabili dute urrian norbanakoak Euskaraldira gonbidatzeko. Arrakasta handia eduki zuen baita, Kultur Batzordeak eta Euskaraldiko herri batzordeak antolatutako Egunean Behin herriko taldeak. Astero, 1go sailkatzen zenari eta zozketaz suertatzen zenari opari ematen zioten, eta oparia herriko talde ezberdinak ematen edo lortzen zuten.
Euskaraldirako azken txanpan mahaiak jarri dituzte norbanakoek izena eman, txapak hartu eta banderolak erosteko, eta bakarrizketa bat ere egon da aretoan. Denetara 19 arigune sortu dira Aulestin, eta 191 norbanakok eman dute izena momentuz.