Omar Diop: "Hizkuntza da biderik onena hemen integratzeko"
'Hondar Ahoak' teleisailean agertzen da astero Omar Diop 24 urteko gazte berriatuarra. Senegaletik heldu, eta Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolan hasi zen euskara ikasten. AEKn ere aritu zen.
Zelan sortu zitzaizun Hondar Ahoak telesailean aritzeko aukera?
Euskaraz dakiten 20 urtetik gorako senegaldarrak behar zituzten, eta Txintxua Films ekoiztetxekoek Ondarroako udaletxean galdetu zuten. AEK-ko nire irakaslea izandako Txominek eman zien nire telefono zenbakia.
Noiz grabatu zenuten?
Abuztuan aritu ginen grabaketak egiten. Beste aktoreek esan zidaten oso ondo egiten nuela, eta aktore lanean segitzera animatu ninduten, eta pentsatu nuen beharbada aukera ona dela honegaz lotutako formakuntza jasotzea edota agentzia batean izena ematea, halako aukera gehiago sortzeko.
Aktore moduan lan egin duzun lehen aldia izan al da?
Bai, eta esperientzia oso polita izan da. Oso gustura ibili naiz. Beste mundu bat ezagutu dut. Uste dut bizitzan hori dela balio duena; ahal dugun esperientzia gehien lortzea, gauzak jakiteko. Bizitza batzuetan halakoxea da, espero ez dituzun gauzak pasatzen dira. Asko gustatu zait aktore mundua, ikusi dudana, behintzat. Eta jarraitzea gustatuko litzaidake. Halako aukera gehiago irteten badira, ez dut pentsatuko bi bider. Orain lanik barik nago, eta, beraz, edozein lan egiteko prest nago.
14 urtegaz etorri zinen Senegaletik Berriatura. Noiz eta non ikasi duzu euskara?
Euskara Zubi Zahar herri ikastolan ikasi nuen, Ondarroan. 14 urtegaz hasi nintzen. Bertan lau urtez ikasi eta eskola graduatua atera nuen. Ondoren, makinetako mantenimenduko erdi mailako eta goi mailako zikloak egin nituen. AEKn lau urtez aritu nintzen. Astean bitan joaten nintzen euskara hobetzera, eta B2 titulua atera nuen. Berriatuan bizi izan naiz beti, baina ikasten Ondarroan ibili naiz.
Ikastetxean eta euskaltegian euskara batua ikasten bada ere, kalean bertoko euskalkia erabiltzen da. Hasieran ohitzea kostatu al zitzaizun?
Ez nuen ulertzen. Eskolan euskara batuaz berbetan, idazten eta irakurtzen genuen. Belarria jarri eta lagunen artean entzuten nuena ez zen ikasten nuena. Lehenen euskara batua irakatsi zidaten, eta gero lagunekin ikasi nuen ondarrutarrez. Ondarroako, Berriatuko eta Mutrikuko futbol taldeetan ibili naiz, eta horietan ere lagunekin egunero euskaraz egiteak asko lagundu dit.
Gainera, Ondarroan Berbalagunen ere parte hartu izan duzu. Horrek ere lagundu dizu?
Bai. Txominegaz batzen ginen AEK-ko ikasle batzuk. Egun batzuetan Berriatuan batzen ginen. Bi urtez ibili nintzen euskaltegian ikasten eta Berbalagunen parte hartzen, 2016tik 2018ra. Berbalagunek belarria egiten laguntzen du, eta ez dakizkizun berbak galdetzeko aukera eskaintzen du. Hizkuntzak ikasteko hori da garrantzitsuena, ulertzea, gero zuk erabiltzeko. Zergatik den eta zertarako den ulertzea.
Euskara barneratzea erraza izan al zen?
Etorri nintzenean frantsesa bakarrik nekien, eta hemen ez dute frantsesez berba egiten. Hemen bizitzeko eta lagunak egiteko bai edo bai euskara ikasi behar nuela pentsatu, eta gogoa ipini nuen, hemen jende guztiak euskaraz berba egiten du eta. Beti esaten dut ahalegin pixka bategaz eta gogoagaz bizitzan dena atera ahal dela aurrera. Hori beti eduki dut buruan, eta horrek asko lagundu dit. Hemen bizitzeko eta integratzeko euskaraz aritzeak asko laguntzen du. Euskara oso hizkuntza polita da. Senegaletik etortzen direnei beti gauza bera esaten diet: hona etortzean lehen egin behar dena hizkuntza ikastea dela. 20 urtetik gorakoak beharraren bila etortzen dira, eta erdara ikasi gura izaten dute. Baina hemen euren burua defenditzeko eta integratzeko hemengo hizkuntza ikasteko esaten diet. Ez da erraza Senegaletik etortzea. Han eta hemen oso bizimodu desberdinak daude, errealitate, kultura.. desberdinak dira. Dena da desberdina, eta hizkuntza da biderik onena hemen integratzeko.