Doako wifi sareak jarri ditu Markina-Xemeingo Udalak
Wifi sarea martxan dago udalerriko hiru gune ezberdinetan. Egunez bakarrik egongo dira erabilgarri.
Markina-Xemeingo herritarrek eta bisitariek kablerik gabeko Internet zerbitzua doan erabiltzeko aukera izango dute herriko hiru eremutan. Hain zuzen ere, Zelaibarriko goiko aldean eta erromesen aterpetxe inguruan, Plazabarripean eta Kultur aretoan eta Atxondo kiroldegiko kantxan, padel pistan eta gimnasioko guneetan egongo da eskuragarri sarea.
Udala lantzen ari den Turismo Planari lotuta dago egitasmoa. Izan ere, ekimen horregaz Markina-Xemeingo Udalak teknologia berriak herritar guztiei gerturatzeko urratsak eman nahi ditu eta bisitariei ere zerbitzu hori eskaini. Azaldu dutenez, aurten turismoak beherakada nabarmena izan duen arren, alor hori indartzeko hainbat egitasmo gauzatuko ditu udalak epe laburrean.
Doaneko zerbitzu hori ordutegi bategaz mugatuta egongo da; horrela, sareak, egunez egongo dira bakarrik erabilgarri. Konektatzeko, berriz, ez da pasahitzik beharko.