Europako Batzordeak 'Zaldibar auzia' ikertuko du
Zaldibar Argitu plataformak eta Ekologistak Martxan elkarteak auzia aurkeztu zuten EBko Eskaeren Batzordean, eta tramiterako onartuko dute. Urtarrilaren 21era arteko epea dute auziari buruzko iritzia emateko.
Zaldibar Argitu plataformak eta Ekologistak Martxan elkarteek Zaldibarko auzia ikertzeko eskatu zuten Europako Parlamentuko Eskaeren Batzordean. Orain, batzorde horrek tramiterako onartu du eskaera, eta, horrenbestez, Ingurumen eta Enplegu Batzordeak eta Europako Batzordeak auzia ikertu eta jarrera bat azaldu beharko dute gaiaren gainean. Europak hondakinen kudeaketaren gainean daukan araudia bete den edo ez ikertuko dute, eta osasun publikoa eta ingurumena babesteko araudia ere bete den. Urtarrilaren 21 baino lehen eman beharko dute azalpena.
Zaldibarren, Verter Recycling-en zabortegian, sekulako luizia gertatu zen otsailean, eta bi langile harrapatu zituen: Alberto Sololuze Markina-Xemeingo bizilaguna eta Joaquin Beltran Zallakoa. Sololuzeren gorpua abuztuaren 19an aurkitu zuten, eta haren aldeko hileta elizkizuna egin zuten irailaren 8an, Xemeingo elizan. Beltranen gorpua topatzeko daukate oraindik. Kudeaketan irregulartasun ugari azaleratu dira luiziaren ostean.