Baheketa masiboa egingo dute Ondarroan, eguenean eta barikuan
Ondarroan eta Berriatuan bizi diren 13-40 urte bitarteko herritarren artean egingo dituzte PCR masiboak. Hitzordua hartu behar da; gaur [azaroak 25] 14:00etatik aurrera hartu daiteke txanda. Probak Txomin Agirre ikastolaren jolastokian egingo dituzte, 09:00etatik 20:00etara. Azken orduetan 5 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun.
Baheketa masiboa egingo dute eguenean [azaroak 26] eta barikuan [azaroak 27] Ondarroan; Txomin Agirre ikastolaren jolastokian egingo dituzte probak, 09:00etatik 20:00etara. Ondarroan eta Berriatuan bizi diren 13-40 urte bitarteko 2.585 herritar daude proba egitera deituta. Hori bai, aurretik hitzordua hartu behar dela esan dute. Horretarako bi telefono zenbaki jarri dituzte eskuragarri: 94-603 79 99 edo eta 900-20 30 50. Gaur [azaroak 25] 14:00etatik aurrera eskatu daiteke txanda. Aurreratu dutenez, ikastetxeetako ikasleek (13-18 urte bitartekoak) ez dute hitzordurik eskatu beharko, ikastetxeak arduratuko baitira horretaz; DBH, Batxilergo edo Formakuntza Profesionaleko (16-18 urte bitartekoak) ikasleak dira txandarik hartu behar ez dutenak.
Zergatik egingo dute baheketa masiboa? Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu dutenez, egiten ari diren zaintza eta kontrol lanen baitan egingo dituzte probak Ondarroan, ez intzidentzia maila altua delako. Proba egitea ez dela derrigorrezkoa esan dute, baina gomendagarria dela. Hala, 13-40 urte bitarteko herritarrei baheketan parte hartzeko eskatu diete.
Protokoloa. Zehaztu dutenez, ikastolaren jolastokitik (Ibaiondo kaletik) sartu beharko da. Probaren emaitza, ostera, SMS bidez jakinaraziko dutela zehaztu dute.
Eskualdeko egoera epidemiologikoa. Ostera antzean, azken 24 orduetan Lea-Artibai eta Mutrikun 5 positibo berri erregistratu dituzte: 4 Ondarroan eta 1 Lekeition. Datu horiek, gainera, asteetako baxuenak dira; intzidentzia maila nabarmen ari da jaisten. Dena dela, Mutrikuk eta Ondarroak gune gorrian egoten jarraitzen dute; 100.000 biztanleko 731,16ko tasa dauka Mutrikuk, eta 547,15ekoa Ondarroak. Lekeitiok gune laranjan egoten jarraitzen du, 441,62ko tasagaz.