Iñigito Txapelpunk 'Gabonetako Ipuinak' aurkezten ari da Lea-Artibaiko liburu dendetan
Barikuan [azaroak 27] Ondarroako Idiakez liburu dendan egongo da, eta zapatuan [azaroak 28] Markina-Xemeingo Kareaga liburu dendan.
Kalean dago Iñigito Txapelpunk artista, abeslari eta musikariak argitaratu berri duen Euskal Herri Magikoa bildumaren Gabonetako Ipuinak lehen liburu musikatua, eta magia hori zabaltzen ari da orain, Lekeitioko artista, eskualdeko liburu dendetan zehar. Azaroaren 15ean Lekeitioko Konpitxak dendan egon zen liburuak saltzen eta sinatzen, eta ekimenak harrera ona eduki zuenez, Lekeitioko Aralde Berri liburu dendan egon zen joan den zapatuan [azaroak 21]. Egitasmoa Lea-Artibai eskualdera zabaltzea du asmoa gainera, “herriko denda txikiei bultzada bat eman eta liburua ezagutzera emateko”.
Horrela, barikuan [azaroak 27], 18:00etatik 20:00etara, Ondarroako Idiakez liburu dendan egongo da Iñigito Txapelpunk liburuak sinatzen, eta zapatuan [azaroak 28], 11:00etatik 14:00etara, Markina-Xemeingo Kareaga liburu dendan.
Datorren astetik aurrera, berriz, Txiki handia zara webgunean ere salgai egongo dira liburuak eta kamisetak, eta laster beste material batzuk ere kaleratuko dituztela aurreratu du.
Zuzenekoak. Horrez gain, zuzeneko batzuk ere baditu esku artean Iñigitok. Mendexako frontoian egingo du liburuaren aurkezpena abenduak 13an, eta Lekeitioko Eskola Publikora ere joango da. Azaldu duenez, Mendexako aurkezpena dohainik izango da, baina lekuak mugatuta egongo direnez Mendexako udaletxean hartu beharko dira sarrerak.
Olentzero, Mari Domingi eta beste askoren jatorria kontatzen eta abesten du Iñigitok Gabonetako Ipuinak liburuan. Izan ere ipuina CD bategaz lagunduta dator, “herrialde magiko honetara bidaiatzen lagunduko duena”. Liburuaren helburua haurrei elkartasuna, adiskidetasuna, natura, adiskidetasuna eta berdintasuna modu “guatxi” batean ulertzen laguntzea dela azaldu du artistak.
Lan berri honen baitan bideoklip bat ere kaleratu du Iñigitok. Munduko magoak bideoklipean Ylenia Baglietto (Mari Domingi) eta Mitxel Santamarinak (Olentzero) parte hartzen dute.