Abenduaren 5eko manifestaziorako deia egin dute Alamedako pentsiodunek
Hego Euskal Herriko beste hainbat herritan modura, Toledoko Itunaren ondorioen aurkako manifestazioa egingo dute Ondarroan ere. Deialdi berezia egin diete gazteenei.
Ondarroako Alamedako Pentsionistak elkarteak deituta, Toledoko Itunaren ondorioen aurkako manifestazioa egingo dute abenduaren 5ean. 12:30ean hasita, eta hiru zutabetan banatuta, Zaldupeko zubitik abiatuko da Toledoko Itunari ez. Pentsio duinak bai! 1.080 euro leloa izango duen protesta. “Hego Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioak deitu ditu. Astelehenetan elkarretaratzeak egiten diren herri guztietan egingo dira. Eta zelan ez, Ondarroan ere bai”.
Toledoko Itunaren ondorioak “oso larriak eta kaltegarriak” direla azpimarratu dute, batez ere, etorkizuneko belaunaldientzat. Hori dela eta, deialdi berezia egin diete gazteenei. “Eraso handi honen aurrean denon indarrak batu beharra daukagu. Ez da gure borroka bakarrik, ondorengoen borroka ere bada. Gazteenek ez dute astelehenero egiten dugun elkarretaratzean parte hartzeko aukerarik, eta horiei manifestazioan parte hartzeko deialdi berezia egin nahi diegu”.
Toledoko Itunak, besteren artean, pentsio plan pribatuen alde egiten duela ohartarazi dute. “Horrez gain, ez dira bermatzen bizi ahal izateko gutxieneko pentsio duinak. Oraindik ez da 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aitortzen, Europako Gutun Sozialak eskatzen duen modura. Pentsioak zenbatzeko 15 eta 25 urte bitartean mantentzea defendatzen da, eta horrek pentsioak murriztea dakar. Jasangarritasun faktorea ere ez da ezabatzen, eta horrek ere etorkizunean erretiroak murriztea ekarriko du”.
Protesta Alamedan amaituko dute. Amaierako ekitaldian bertsoak egongo direla aurreratu dute eta ostean, komunikatu bateratua irakurriko dute. “Ezustekoren bat edo beste ere egon daiteke”.