Aratz Mendizabalek profesionaletan debutatuko du Miamiko Jai Alain
Atzelari mutrikuarrak datorren astean debutatuko du. Bi hilabeteko kontratua sinatu du. Markina-Xemeingo Goitia anaiak ere ariko dira Miamin.
Aratz Mendizabal Goixarri III-ak profesionaletan debutatuko du Miami Jai Alai frontoian, datorren astean. Atzelari mutrikuarrak bi hilabeteko kontratua dauka, Miamin tarte horretan jokatzen baitituzte kinielak.
Abenduaren 1ean hasiko dira kinielekin, eta Goixerri IIIaren asmoa da aukera ondo aprobetxatuta, ikastea eta gozatzea. Etxean maila ona eman du, eta esperientzia berrirako ilusioz dago. Iazkoa Xisterako Zirkuituko maila nagusian jokatu zuen lehenengo urtea izan zen mutrikuarrarentzat, eta irabazi egin zuen Antxonekin batera.
Bestalde, Aratz Mendizabalen anaia Ekaitzek puntista profesional modura Dania Jai Alain debutatu zuen iazko urtarrilean, eta bertan ari da orain ere.
Markina-Xemeingo Goitia anaia gazteak ere Miamin daude; Alex Goitiak Danian jokatu zuen iaz, eta Julen Goitia lehenengoz ariko da AEBko frontoi batean. Aritz Erkiaga ispastertarra, IƱaki Osa Goikoetxea edota Imanol Lopez zumaiarrak bezalako puntista handienekin ariko dira kinielak lehiatzen. Abenduaren 13an, Daniako aurtengo denboraldia amaitu ondoren, Erik Mendizabal mutrikuarra ere Miamira joango da.