Asintomatikoak atzemateko, baheketan parte hartzea garrantzitsua dela diote
Gaur eta bihar [azaroak 26-27] ari dira baheketa masiboa egiten Ondarroan. Esan dutenez, goizean 500 herritar baino gehiago hurreratu dira proba egitera. "Baheketa arrakastatsua izateko, proba egitera deituta daudenen %70ek parte hartu behar du". Guztira, Berriatuan eta Ondarroan bizi diren 13-40 urte bitarteko 2.585 herritar daude proba egitera deituta.
Gaur eta bihar [azaroak 26-27] ari dira baheketa masiboa egiten Ondarroan. Guztira, Berriatuan eta Ondarroan bizi diren 13-40 urte bitarteko 2.585 herritar daude proba egitera deituta. Eladino Gonzalez Ondarroako osasun zentroko arduradunak azpimarratu duenez, halako baheketa masiboei esker asintomatikoak atzeman daitezke. “Sintomarik ez duten horiek atzemateko era da. Modu horretara, neurriak hartu ditzakegu, eta positibo eman duten horiek eta ingurukoak isolatu. Azken finean, transmisioa moztea da helburua”. Gonzalezek esan du baheketa arrakastatsua izateko %70ak parte hartu beharko lukeela. “Momentuz, jendea etengabe ari da hurreratzen”.
Proba egiteko ordu laurden baino gutxiago behar dela dio. “Etorri, txandaren zain egon, datuak eman, proba egin… Hori guztia ordu laurden inguruan egin daiteke. Oso garrantzitsua da jakinaraztea proba egin eta bizitza normala egiten jarraitu dezaketela”. Baheketan positibo ematen dutenei SMS bat ailegatuko zaie. “Positibo ematen dutenei jarraipen bat egin beharko zaie”. Proba egitea ez dela “batere mingarria” esan dute.
Azken 24 orduetan COVID-19arekin kutsatutako 4 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibain (Mutrikun ez dute kasu berririk erregistratu)
Osakidetzakoek esan dutenez, goizean 500 herritar baino gehiagok egin dute proba. “Jendea txandak eskatzen ari da, eta datu hori uneoro aldatu daiteke”. Proba egin ahal izateko, aurretik hitzordua eskatu behar da. Bi telefono zenbaki jarri dituzte eskuragarri: 94-603 79 99 edo 900-20 30 50.
Lea-Artibai eta Mutrikuko egoera epidemiologikoa. Azken 24 orduetan COVID-19arekin kutsatutako 4 kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibain (Mutrikun ez dute kasu berririk erregistratu): Lekeition 2 kasu berri erregistratu dituzte, 1 Berriatuan eta beste 1 Ondarroan.
Mutrikuk eta Ondarroak gune gorrian egoten jarraitzen dute; 100.000 biztanleko 618,67ko tasa dauka Mutrikuk, eta 535,51koa Ondarroak. Azpimarratzekoa da azken egunetan Mutrikuren tasa nabarmen ari dela jaisten. Izan ere, joan den aste amaieran ia 1.000ra heltzen zen. Bestalde, 427,82ko tasagaz, Lekeitiok gune laranjan egoten jarraitzen du.