Bertoko antxoa osasuntsu dago
Aztiren JUVENA kanpainaren arabera, antxoa gaztearen biomasa 230.000 tonakoa da Bizkaiko Golkoan; 2021eko arrantza kanpainarako arriskurik ez dute aurreikusten adituek.
Antxoaren egoera osasuntsua dela adierazi du Aztik zuzentzen duen JUVENA kanpaina zientifikoak. Urtero, irailean, urtebete baino gutxiagoko antxoa gaztea kontrolatzeko kanpaina da JUVENA, eta aurten 230.000 tonatan kokatu du Bizkaiko golkoko uretan bizi den aleen kopurua.
Antxoa gaztearen stocka atertzea ezinbestekoa dela uste du Eusko Jaurlaritzak, arrantza jardueraren kudeaketa jasangarria bermatzeko eta ondorioak ateratzeko, gero, itsas baliabideak kontserbatzeko neurriak proposatze aldera. Azti da azterketa lan hori egiteaz arduratzen dena.
Maximo historikoa. JUVENA 2020 ikerketatik eratorritako datuek berretsi egiten dituzte udaberrian BIOMAN (antxoaren biomasa neurtzeko kanpaina) azterketak emandako datuak; hau da, antxoa helduaren egoera ona dela. Izan ere, 330.000 tonako maximo historikoa erregistratu zuen antxoak udaberrian, eta 2021 arrantza kanpainarako errekrutatzea ertain-altua aurreikusi daiteke.
Aztiko arrantza kudeaketa jasangarriaren arloko ikertzaile eta JUVENA kanpainaren arduradun Guillermo Boyrak azaldu legez, «aurtengo biomasaren kalkuluak erakusten du antxoa maila osasuntsuan dagoela». Boyrak dio ez dela inolako arriskurik hautematen hurrengo urteko kanpainari begira.
Sektoreak 3.500 pertsona baino gehiagori ematen die lana, arrantza sektorea eta kontserben eta elikaduraren industria kontuan hartuta
Europagaz bat. Aurten, gainera, azkerketak iparralderantz zabaldu du laginketaren gunea. Horrela, posible izan da ikerketaren estaldura eremua handitzea eta Europako beste institutu batzuek egindako azterketekin hobeto koordinatzea. Era horretan, JUVENA kanpainak bildutako datuak beste bi kanpainetako infomazioari gehituko zaizkie: PELTIC kanpainak Itsaso Zeltikoan eta Mantxako kanalean bildutako emaitzei eta BERAS azterketaren baitan jasotakoei, hain zuzen ere.
«Modu koordinatuan iristen gara Europako hego-mendebaldean zabaltzen den antxoa guztira; hau da, Cadizko golkotik Mantxako kanaleraino, eta horrek ikuspegi osatuagoa ematen digu», dio Boyrak. Horrela, behaketak testuinguru geografiko askoz zabalago batean kokatzen dituzte, eta, ondorioz, kalkulu fidagarriagoak eta integralagoak lortzeaz gain, populazioaren dinamikak ere hobeto ulertu ditzakete.
Itsas baliabideak zainduz. Sektoreak 3.500 pertsona baino gehiagori ematen die lana, arrantza sektorea eta kontserben eta elikaduraren industria kontuan hartuta. Hala, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta Azti zentro teknologikoak urtero burutzen duen ekimen horrek Bizkaiko golkoko uretan egiten den arrantza arduratsua eta jasangarria izaten lagundu duela dio Boyrak, «bai eta etorkizuneko belaunaldientzako itsas baliabideak zaintzen ere».
Aurtengo datuak bi ontzitan jaso dituzte Aztiko ikertzaileek: Itsasoko Idazkaritza Nagusiaren Emma Bardan ontzian eta Espainiako Ozeanografia Institutuarena den Angeles Alvariño ontzian.
Ia 40 urteko ibilbidea du Azti ikerketa zentroak, eta lau hamarkada horietan 4.000 proiektu baino gehiago bultzatu ditu.