Lea-Artibaiko taldeak Bertsolari Gazteen 28. BBK Sariketaren finala jokatuko du
Abenduaren 2an jokatuko da finala Bilboko BBK aretoan. Gonbidapenak Bertsozale Elkartearen atarian daude eskura.
Abenduaren 2an jokatuko da 28. BBK Sariketaren finala, eta bertan kantatuko du Lea-Artibaiko taldeak, Busturialdea, Hego Uribe eta Durangaldeko ordezkariekin batera. 18:00etan hasiko da finala Bilboko BBK salan, eta sarrera doakoa izango da. Hala ere, lekua mugatuta egongo dela eta gonbidapena hartu beharko dela jakitera eman dute Bizkaiko Bertsozale Elkartekoek. Gonbidapenak Bertsozale Elkartearen atarian daude eskura.
Azken urteetan modura, taldekako formatuan egin da lehiaketa, eta guztira, 48 bertsolari gaztek parte hartu dute sailkapen probetan. Martxoan hasi zen sariketa, eta lau sailkapen saio jokatu ziren: Barakaldon (martxoaren 3an), Igorren (martxoaren 4an), Mungian (martxoaren 9an) eta Markina-Xemeinen (martxoaren 11an). Kanporaketak jokatu ostean, pandemiaren eraginez, bertan behera utzi behar izan zen sariketa.
Egoeraren bilakaera ikusita, finalaurrekorik ez, baina finala jokatzea erabaki dute finalaurrekoetara sailkatutako lau taldeen artean: “Eskualde bakoitzeko bertsolariak bi multzotan banatu ohi dira, kasu honetan, baina, 18 eta 25 urte bitartekoek kantatuko dute Bilboko finalean eta 18 urtetik beherakoek bideo bidez helaraziko dituzte haien bertsoak”, argitu dute antolatzaileek.
Txapelketan parte hartu duten guztiek oparia jasoko dute eta, finalistek, opariaz gain, garaikurra ere eramango dute. Gainera, epaimahaiak sari berezia emango dio kantaera onena erabiltzen duenari. Epaimahaia Juanjo Respaldizak, Josu Telleriak eta BenĚat Romerok osatuko dute.