Mutrikuko 59 saltokitan erosten dutenek saritan ia 8.000 euro irabazteko aukera edukiko dute
Mutrikuko Udalak 'Herri botia' Gabonetako kanpaina abiarazi du, herriko merkataritza eta ostalaritza sustatu eta bultzatzeko asmoarekin. Martitzenean abiaraziko dute kanpaina.
Tokiko ekonomia sustatu eta bultzatzeko asmoarekin, Herri botia leloa daraman Gabonetako kanpaina berezia aurkeztu du gaur [azaroak 27] Mutrikuko Udalak. Iaz egindako kanpainari jarraituz, abenduaren 1etik urtarrilaren 5era bitartean herriko 59 establezimendutan erosten dutenen artean ia 8.000 euro zozkatuko dituzte. Diru kopuru hori, kanpaina atxikitu diren establezimenduetan gastatzeko bonu eran erabili ahal izango da.
“Aurreko urtean arrakasta handia izan zuen ekintzarekin jarraitu nahi izan da aurten ere, oraindik eta beharrezkoagoa dela jakinda”. Iaz bi bizikleta elektriko zozkatu zituzten, aurten, aldiz, saria handitu eta gehiago zabaltzea nahi izan du udalak, “momentu gogor hauetan” establezimenduei eta herriko familiei laguntzeko helburuarekin jarraituz. Aurten ere “sari potoloa” ipintzearen alde egin dute. “Sariak inpaktua herrian edukitzea nahi dugu. Horregatik oso partekatua izango da”.
Zozketan parte hartzeko, erosleek 10 eurotik gorako erosketak egin beharko dituzte. Kopuru hori gainditzen duen erosketa bakoitzagatik zenbaki bat jasoko dute, eta zenbaki horrekin urtarrilaren 8an egingo den “Mutrikuko loterian” parte hartu ahal izango dute.
Iragarri dutenez, streaming bidez emango dute zozketa. Denetara, hemeretzi sari banatuko dituzte; saridunek kanpainan parte hartu duten 59 saltokietan erabili ahal izateko 135 euroko balioa duten bonuak irabazteko aukera edukiko dute. Honako eran banatuko dituzte sariak:
- Sari nagusia: 3.105 euro (135 euroko 23 bonu).
- Bigarren saria: 1.080 euro (135 euroko 8 bonu).
- Hirugarren saria: 540 euroko bi sari (135 euroko 4 bonu).
- Laugarren saria: 270 euroko bost sari (135 euroko 2 bonu).
- Bosgarren saria: 135 euroko hamar sari (135 euroko bonu bakarra).
Irabazleak bonuak non gastatu ditzaketen zozketa bidez zehaztuko da. “Sari nagusiaren irabazleak, esaterako, zozketan tokatu zaizkion 23 saltoki, taberna, jatetxe edo kafetegietan erabili ahal izateko 135 euroko bonuak jasoko ditu. 3.105 euroko saria modu horretara banatuta geratuko da”. Bonuak erabiltzeko urtebeteko epea edukiko dute saridunek.