Ondarroako Portuko Ranpako horma-irudia zelan osatu aukeratu ahal izango dute herritarrek
'Itsasoan galdutakoei omenaldia' horma-irudiari falta zaion azken elementua aukeratzeko aukera dago. Iritziak lana egin duen Lian artistaren sare sozialetan jasoko dituzte, abenduaren 6a baino lehen.
Munduko hainbat tokitan horma-irudiak margotu dituen Lian artista ezagunak Ondarroako Portuko Ranpako aurrealdean Homage to those lost at sea (Itsasoan galdutakoei omenaldia) izeneko horma-irudi erraldoia margotu du. “Portuko Ranpakoek horma utzi zidaten nahi nuena margotzeko. Ondarroako portua, egia esan, ideia hau garatzeko ezin hobea izan da”.
Baina artistak azaldu duenez, horma-irudia oraindik ez dago amaituta. “Beste elementu bat gehitzea falta zaio”. Hain zuzen ere, horma-irudia osatzeko falta den elementua aukeratzeko aukera eman nahi die herritarrei. “Herritarrek zer pentsatzen duten jakin eta iritziak jaso nahi ditut, horman zer ikusiko den denon artean erabakitzeko. Horma-irudi hau parte hartzailea izatea nahi dut, herritarrek eurena modura sentitu dezaten”.
Bi proposamen plazaratu ditu jendeak bata edo bestearen artean erabaki dezan. Are gehiago, horiek zelan txertatuta geratuko liratekeen irudikatzeko, zirriborro batzuk ere argitaratu ditu bere sare sozialetan. “Lehenengo proposamena, barruan mezu bat duen freskagarri botila bat da. Elementu horrek desio bati egiten dio erreferentzia: noraezean utzitako mezuari, alegia. Bigarren proposamenari dagokionez, paperezko txalupa bat da; Mikel Etxaburu ondarrutarraren Eskerrak badakigun igeri egiten olerkiaren hitzak daramatza bertan idatzita”.
Proposamen bat edo beste aukeratu ahal izateko artistaren Instagram eta Facebook (@muraleslian) kontuetan iruzkin bat egin behar da. Ekarpenak egiteko epea abenduaren 6an amaitzen da. “Jendea oso ondo erantzuten ari da. Dagoeneko erantzun pila bat jaso ditut. Aukeraketa oso parekatuta doa, egia esan”. Lianek aurreratu duenez, urtea amaitu baino arinago osatuko du horma-irudia.
AEBetan sortutako artista Atxondon bizi da egun. Munduko hainbat txokotan horma-irudiak margotzeko aukera eduki du. Horietatik ezagunena, beharbada, Leitzako Atekabeltz gaztetxe horman margoturikoa da. Kale artean espezializatuta dagoen Eskoziako Street Arte 360 atari digitalak, esaterako, 2019ko horma-irudi azpimarragarrien zerrendan sartu zuen. Atari digitalaren arabera, Lianek Leitzan egindako lana iaz munduan egindako ehun horma-irudirik onenetan 46.a da.