Begoña Anakabe eta Alexander Idoeta ama-semeek irabazi dute Ondarrutar Naturala lehiaketa
Adin tarte desberdinetako bederatzi bikotek parte hartu dute norgehiagokan. Ekimenaren balorazio ona egin du udalak. Anakabek eta Idoetak hirugarrenez irabazi dute lehiaketa.
Atzo [azaroak 29] arratsaldean jokatu zen Ondarroako Beikozinin Ondarrutar Naturala lehiaketa. Adin tarte desberdinetako bederatzi bikotek parte hartu zuten Ugaitz Alegria aktore eta aurkezle ondarrutarrak zuzendutako ekitaldian. Beikozinin bertan batu zen jendea lehiaketa zuzenean ikusteko, baina, horrez gain, udalaren Instagram kontutik ere 200 lagun baino gehiagok jarraitu zuten lehiaketa.
Txandaka. Hiruna bikoteko hiru txandatan aritu ziren parte hartzaileak, eta kanporaketa horietatik hiru bikote sailkatu ziren finalera: Begoña-Alexander, Edurne-Yaiza eta Noemi- Elene. Finalean, galdera erantzunez gain, mimika jolasa egin behar izan zuten eta hor erabaki zen dema. Begoñak eta Alexanderrek irabazi zuten lehiaketa, hirugarrenez.
Arantza Atxurra Euskara zinegotziak eman zituen sariak: hiru finalistei, parte hartzaile guztiei eta zuzenean parte hartu zuten publikoko ikusleei. Atxurrak eskerrak eman zizkien ikusle guztiei, bai bertaratutakoei eta baita etxetik lehiaketa Instagram bidez jarraitu zutenei ere, eta lehiaketaren balorazio positiboa egin zuen. Gainera, jendeak “pozik” irten zuela ikusita, etorkizunean ere lehiaketa gehiago antolatzeko prest agertu zen.