Danonartin elkarteak esker onez jaso du udalak emandako 5.000 euroko laguntza
Ohiko laguntzaz gain, Ondarroako Udalak 5.000 euroko laguntza zuzena eman dio elkarteari, herriko dendetan elikagaiak erosteko. Elkarteak esan du laguntzei esker banatzen dietela janaria beharra dutenei: "Bestela ezingo genuen".
Ondarroako Udalak 5.000 euroko laguntza zuzena eman dio Danonartin elkarteari herriko dendetan elikagaiak erosteko eta gero herritarren artean banatzeko. Elkarteari laguntzeaz gain, herriko janari dendei ere bultzada ematen lagundu nahi izan die udalak. Danonartineko kideek esker onez jaso dute laguntza. “Laguntza barik ezingo genien beharra duten guztiei janaria banatu”.
Ongizate batzordeko kideek adierazi dute laguntza horrek daukan helburu bikoitza oso garrantzitsua dela: “Azken batean, 5.000 euroko diru laguntza hori herrian geratuko da. Ondorioz, laguntza hori jende gehiagorengana iristea ahalbidetzen da”. Gaineratu dute udalarentzat laguntza hori oso garrantzitsua zela, pandemiaren eraginez Danonartinek egiten duen lana are garrantzitsuagoa bihurtu delako: “Laguntza behar duten familiak gehitzen doaz, eta guk ere gure ohiko laguntzaz gain, beste bat ematea ezinbestekoa dela ikusi dugu”. Elkarteko kideek zehaztu dute, aurten, martxotik gaur arte, laguntza behar dutenen kopurua ia hirukoiztu egin dela.
Danonartin elkartearen jarduna beharra duten herritarrei laguntzea da, eta pandemia hasi zenetik geroz eta familia gehiagori ematen diete laguntza: azken banaketan ia 70 familia (200 lagunetik gora) zeuden zerrendan. Zehaztu dutenez, zerrenda hori beti gizarte zerbitzuek bideratzen dute.
Ondarroako Udalaren eskutik jasotako laguntzaz gain, gaineratu dute Berriatuko Udalak urtero ematen diela diru laguntza, aurten, baina hirukoiztu egin diela. “La Caixa Fundazioak ere aurten diru gehiago eman digu”. Eta laguntzaileak aipatuta, banatzen dituzte arrautzak Kalare Deuna kofradiak ordaintzen dituela esan dute, beti.