Lekeitio eta Ondarroa arteko errepidea hobetzeko lanak hasi ditu aldundiak
Galtzada zabaldu eta seinale berriak jarriko dituzte besteak beste.
Bizkaiko Foru Aldundiak kontserbazio eta hobekuntza integraleko lanak hasi ditu Lekeitio eta Ondarroa arteko errepidean (BI-3438). 3,25 kilometrotan egingo dituzte lanak, 55+150 kilometro puntutik 58+400 kilometro punturaino hain zuzen ere. Azaldu dutenez, agente atmosferikoek eta itsasoaren hurbiltasunak errepidean eragin ditzaketen narriadurak saihestu nahi dituzte lan horien bidez, “eta bide hori erabiltzen duten pertsonen bide segurtasuna hobetu”.
719.950 euroko inbertsioa egingo du aldundiak errepidea birmoldatzeko, eta lanak 2021eko hirugarren hiruhilekoan amaituko dituzte. Galtzada punturik estuenetan zabaldu, bide zoruaren baldintzak hobetu, galtzadan urik egon ez dadin drainatzea hobetu eta errepidean seinale berriak jarriko dituzte.
Azaldu dutenez, plataforma hamar hormagaz egonkortuko dute, eta drainatze sakoneko hormigoizko areka bat eraiki. Gainera, zeharkako drainatze lanak egingo dituzte: “ibilgailuei eusteko sistema berriak jarriko dira, seinale bertikalak eta balizak hobetuko dira eta lurzerrendako geruza berrituko da”.