Motor klasikoen Espainiako Kopa irabazi du Cristian Rodriguez lekeitiarrak
Zapatuan [azaroak 28] lehiatu zuen azken proba Cartegenako zirkuituan.
Abiadura klasikoko eta ESBK Legendseko bosgarren eta azken proba lehiatu da asteburuan Cartagenako (Murtzia) zirkuituan. Bertan, 2020ko Espainiako txapeldunak erabaki ziren, eta euren artean egon da Cristian Rodriguez lekeitiarra. Rodriguezek Motor klasikoen Espainiako Kopa irabazi du, F1-SSP-600 kategorian. Horrez gain, Euskal Herriko txapelketa ere eskuratu du. Oso denboraldi gogorra izan dela aitortu du lekeitiarrak, baina oso pozik dago lortutako emaitzagaz.
30 bat lagun batu ziren Cartagenan Espainiako Txapelketa lehiatzeko. Eguenean [azaroak 26] motorrak prestatu eta barikuan [azaroak 27] entrenamenduak eduki zituzten, eta zapatuan [azaroak 28] jokatu zen lasterketa. Rodriguezek azaldu duenez, 21 puntu zituen jada azken proba aurretik, eta dena ondo joanez gero, garaipena bere egiteko aukera handiak zituen. Lekeitiarra hasieratik jarri zen aurrean eta lasterketa bikaina egin zuen. Podiumaren bigarren kutxara igotzea lortu zuen, eta Espainiako Txapelketa eskuratu du horrela.
Euskal Herriko txapelketari dagokionez, COVID-19a dela eta, lasterketa bi besterik ez dira egin, biak Los Arcosen, Nafarroan. Lehen lasterketa irabazi egin zuen, eta bigarrenean bigarren geratu zen motor gidari lekeitiarra, baina nahikoa puntu izan ditu garaile bihurtzeko.
Erresistentzia. Iaz ere parte hartu zuen EHko Txapelketan, baina ez zen Espainiako Txapelketan parte hartzera animatu. “Kostu handia dauka parte hartzeak, bidaiak, gurpilak eta abar, baina aurten ahalegina egitea erabaki nuen”. Eta ahaleginak eduki du saria. Horrela, datorren urtean erresistentzia probetan parte hartzera animatu da. “Herrialde Katalanetan egiten den lasterketan parte hartu nahi dut lehendabizi, eta hortik Europara jauzia egin”.
Dagoeneko egin du proba bat; hiru orduko erresistentziako lasterketa batean parte hartu du Cartagenako zirkuituan, eta 3. postuan amaitu zuen aurrekoerengandik minutu batera. “Proba gaitzak dira, baina saiatu egingo gara”.
Asier Markuerkiaga mekanikoari aipamen berezia egin dio Rodriguezek. “Lan asko egin dugu eta asteburu asko tailerrean eman ditugu; eskerrak eman nahi dizkiot bere ezinbesteko laguntzagatik”.