Ondarroan egindako baheketan deituta zeudenen ia %60ak parte hartu du
Eladino Gonzalez Ondarroako Osasun Zentroko arduradunak esan zuen baheketa arrakastatsua izateko %70ak parte hartu behar zuela. 2.585 pertsona zeuden proba egitera deituta, eta 1.530 proba egin ziren (%59,18). Baheketatik lau positibo erregistratu dituzte. Azken hiru egunetan 24 kasu berri erregistratu dituzte, erdiak Ondarroan.
Ondarroako Osasun Zentroak gaur [azaroak 30] helarazi dizkio baheketaren emaitzak udalari. Bi egunetan egindako 1.530 probetatik lauk eman dute positibo (%0,26). Baheketaren lehen egunean, Eladino Gonzalez Ondarroako Osasun Zentroko arduradunak esan zuen baheketa arrakastatsua izateko %70ak parte hartu behar zuela. Guztira, Berriatuan eta Ondarroan erroldatutako 13-40 urte bitarteko 2.585 herritar zeuden proba egitera deituta, eta %59,18ak parte hartu du.
Osasun zentrokoen esanetan, “emaitzek argi utzi dute orain ere 13-40 adin tartean intzidentzia oso txikia dela”. Dena dela, Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga alkateak gaineratu du horrek ez duela esan nahi neurriak aldatu behar dituztenik: “Gehienetan gazteak dira seinalatuak, baina emaitzek argi laga dute gazte gehienek ondo egiten dituztela gauzak, eta uste dut hori benetan azpimarratzekoa dela”. Proba egitera joan ziren herritarrei eta probak egin zituzten osasun langileei ere eskerrak eman dizkie.
Osasun Zentrokoek esan dute pandemia hasi zenetik Ondarroan erregistratutako kasu positibo gehienak familiartekoak izan direla esan dute. “Gehienetan etxeko norbaitek positibo eman eta gero senideak kutsatu ditu”.
Asteburuko datuak. Azken hiru egunetan [azaroak 27-28-29], 24 positibo berri erregistratu dituzte Lea-Artibain eta Mutrikun; erdiak Ondarroan atzeman dituzte: Ondarroa (12), Mutriku (5), Lekeitio (3), Markina-Xemein (2), Mendexa (1) eta Berriatua (1). Datuak eskuetan, Mutriku gune gorritik atera eta laranjara pasatu da; Lekeitiok ere gune laranjan egoten jarraitzen du. Gaur gaurkoz, beraz, Ondarroa da gune gorrian dagoen eskualdeko herri bakarra. 100.000 biztanleko 593,71ko tasa dauka Ondarroak; Mutrikuk eta Lekeitiok 468,69ko eta 331,22ko tasa daukate, hurrenez hurren.
Atzora arteko datuak emanda, beraz, joan den aste osoan 47 kasu erregistratu zituzten Lea-Artibai eta Mutrikun: 23 Ondarroan, 10 Mutrikun, 7 Lekeition, 3 Markina-Xemeinen eta bina Mendexan eta Berriatuan. Eta aste osoan kasu berri bat bera ere erregistratu ez duten herriak ondokoak dira: Amoroto, Aulesti, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Munitibar eta Ziortza-Bolibar.