Urrestitarrak hirugarren sailkatu dira Euskal Herriko Txapelketan
Gustura aritu dira ondarrutarrak. Ane Urrestirentzat lehen txapelketa izan da, eta maila polita eman du. Javier Urrestik espero baino marka hobea egitea lortu du.
Euskal Herriko txinga eroate txapelketak Arabako Ordoñana herrian jokatu zuten atzo [azaroak 29]. Emakumezkoetan, hiru finalisten artean, Nerea Egurrola Hormaetxea geratu zen txapeldun, 43 plaza, zinta bat eta 28 zm-ko markagaz. Garazi Arruti Garaizar txapeldunordeak 40 plaza eta 18 zm egin zituen, eta Ane Urresti Gandiaga ondarrutarra hirugarren sailkatu zen, 10 plaza, 2 zinta eta 6,40m eginda. Lehenengo biak esperientziadun herri kirolariak dira, eta Urrestirentzat lehen txapelketa izan da; maila polita eman du. Gustura eta ondo ibili zen, ofizioa zer den ikasten.
Gizonezkoetan, berriz, sei kirolariren artean erabaki zen txapelketa, eta faboritoak ez zuen hutsik egin. Kerman Perez de Heredia Arbigano arabarrak lortu zuen txapela, gainontzekoengandik nagusitasun osoz arituta. 34 untza egin zituen txapeldunak. Eloy Salterain bigarren sailkatu zen, 17 plazagaz, eta Javier Urresti Quinteiro ondarrutarra hirugarren, 9 plaza, zinta 1 eta 5,20 m eginda. “Pentsatzen nuena baino marka hobea egin nuen, eta postua ere hobeto ezin. Alabari laguntzen joan nintzen, eta aspaldian ibili barik nengoen, gainera, beraz, ez nekien zelako sasoian egongo nintzen. Lehen sei-zazpi untzatan ibiltzen nintzen; hamarrera ez nintzen hurreratzen, eta oraingoan, ia hamarrera heldu naiz. Sentsazio onekin egon nintzen, eta gustura amaitu nuen”, azaldu du Urrestik.
*Argazkiak: Javier Urresti: