Haizea Martiartu saxofoi jotzaile markina-xemeindarrak disko berria aurkeztu du
Euskal kantugintzako hainbat klasiko jazz giroetara moldatzen ditu 'Folketik Jazzera Ensemble' disko berrian. Gaur [abenduak 2] goizean egin du aurkezpena Bilbon.
Folketik Jazzera Ensemble disko berria aurkeztu du gaur [abenduak 2] goizean Bilbon, Haizea Martiartu saxo jotzaile markina-xemeindarrak. Euskal kantugintzako hainbat klasiko jazz giroetara moldatzen ditu Martiartuk bere lehen disko honetan. Diskoa, abesti horiek entzun, arnastu eta azaleko poro guztietatik xurgatu eta barneratu dituen artista baten espresio guztiz pertsonala dela esan dute.
Aldapeko edo Agate Deuna bezalako kantu klasiko eta sinbolikoak bere konposizioekin nahasteko beste bederatzi musikari gazteen laguntza izan du Martiartuk, Folketik Jazz Ensemble bilduma dotorea atondu ahal izateko: Lucia Fumero (pianoa), Sergio del Campo (zeharkako flauta eta piktoloa), Joan Mar Sauque (tronpeta), Julio Marin (klarinete sopranoa eta klarinete baxua), Jofre Alemany (saxo tenorra), Eneko Urrestarazu (tronboia), Carla Gonzalez (kontrabaxua) eta Pol Ribo (bateria).
Diskorako aukeratu dituen tituluen artean azken mende erdi honetako klasikoak daude, abesti sinbolikoak, memoria kolektiboan daudenak.
Martiartu Markina-Xemeingo bandagaz hasi zen musika munduan, herrietako festak eta ekitaldi publikoak girotuz. Hantxe garatu zuen doinu eta dantza herrikoiekiko grina eta maitasuna. Bere jakin-minak Bartzelonako ESMUC eskolara eraman zuen, jazzeko saxofoi ikasketak burutzera. Eta, orain, bere haurtzaroa alaitu zuten musika horiei omenaldia egin nahi izan die musikagile markina-xemeindarrak. “Nire konposizioek zortzikoen kutsua zutela konturatu nintzen, euskal erritmoena. Markina-Xemeingo bandan interpretatzen nituen nire lurraldeko doinu eta pieza haiena, hain zuzen ere. Nahiz eta teorian, eta harmoniari buruz ikasitakoa aplikatuz, jazza konposatzen ari nintzela suposatu”.
Musikariak azaldu duenez, martxoan edo apirilean zeukan diskoa kaleratzeko asmoa, baina COVID-19 pandemia dela eta dena bertan behera geratu zitzaion. Horrela, ekainera arte itxaron behar izan zuen diskoa grabatu eta edizioagaz hasteko, eta orain dela gutxira arte ez ditu CDak esku artean eduki.
Diskoa kalean izateagaz oso pozik agertu da Martiartu, eta posible bada martxo aldera emanaldiren bat eskaintzeko asmoa dauka. Diskoa, Durangoko Azokan egongo da.