Mutrikuko kiroldegian ere egingo du geldialdia Abendurock jaialdiak
El Drogas musikari ezagunari buruzko dokumentala eta lau kontzertu eskainiko dituzte abenduaren 13tik 20ra Mutrikun. Sarrerak barikuan ipiniko dituzte eskuragarri, udalaren web atarian.
Zailtasunak zailtasun, badator abendua musikaz jantziko duen 16. Abendurock jaialdia. Koronabirusak eragindako osasun egoerara moldatu eta jaialdia “inoiz baino seguruagoa” egiteko ahalegin berezia egin behar izan dute Mutrikuko Rock Kolektiboko kideek. Hori dela eta, formatu aldetik aldaketa nabarmenekin dator aurten jaialdia. Garai berrietara egokitu ahal izateko, esaterako, kontzertuen tokia aldatu behar izan dute. Aspaldiko urteotan ez modura, Gaztetxea ez ezik, kiroldegia ere musika zaleen topaleku bihurtuko da.
Gaztetxean egingo dituzten kontzertuak betiko sustraiei eutsi ahal izateko antolatu dituztela azpimarratu dute. Formatu txikia izango da Gaztetxeko zuzenekoen protagonista nagusia. Kiroldegia, aldiz, espazio aldetik handiagoa delako eta ikus-entzule gehiagori bertaratzeko aukera emateko aukeratu dute. Egoerara moldatu nahian, gainera, kontzertuen ohiko egutegia ere aldatu behar izan dute. Jaialdia motzagoa izango da, eta kontzertuak abenduko bariku guztietan eskaini ordez, abenduaren 17tik 20ra emango dituzte.
Jaialdiak dakartzan beste aldaketen artean, kontzertuak ikusi ahal izateko sarrerak erosi egin beharko direla esan dute. Kontzertuak orain arte doakoak izan badira ere, aurten 3 eta 5 euro artean ordaindu beharko dute ikus-entzuleek. “Jasotakoa gure kultura hauspotzeko erabiliko dugu”. Sarrerak barikuan [abenduak 4] ipiniko dituzte eskuragarri; 10:00etatik aurrera Mutrikuko Udalaren web atarian erosi ahalko dira. “Bakoitzak ezingo du nahi beste sarrera hartu. Webgunean zehaztuko da gehienezko kopurua”.
Kulturarentzat “garai zailak” badira ere, MRK-ko kideek kulturari ateak zabaldu eta Abendurock jaialdia antolatzea erabaki dute
Kontzertuez gain, Enrique Villarreal El Drogas musikari nafarraren ibilbideari buruzko dokumentala ikusteko aukera ere ekarriko du Abendurock jaialdiak. Hain zuzen ere, emanaldi horrek emango dio hasiera aurtengo jaialdiari. Abenduaren 13an Zabiel kultur etxean proiektatuko dute El drogas dokumentala. Aforoa murriztuta dagoenez, bi aldiz emango dute Natxo Leuzak zuzendutako lana, 17:00etan eta 19:00etan. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena beharko da, nahitaez. “Kontzertuen sarrerekin batera eskuratu ahalko dira dokumentalerako gonbidapenak ere”.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ilusioz abiatuko dute abenduaren 13tik 20ra jaialdia. “Urtero modura, gogotsu, musikariak etxean bezala sentitzeko ahaleginean eta ahalik profesionalean ariko gara MRK-ko kideak”. Kulturarentzat “garai zailak” badira ere, antolatzaileek kulturari ateak zabaldu eta jaialdia antolatzea erabaki dute. “MRK-ko kideok ondotxo dakigu horrelako ekimenak antolatzeko ez direla garai errazenak, baina, hala ere, kulturari ateak ixten ari zaizkion uneotan, aurrera egitea erabakigu dugu”.
Are gehiago, beste urte batez herria musikaz janzteko konpromisoa hartu dute. Goizetik gauera dena bertan behera geratzeko arriskua badagoela jakin badakite ere, gaur-gaurkoz aurrera egingo dutela nabarmendu dute. Eta jaialdia bertan behera uztekotan, “momentuko kontua” izango dela adierazi dute. “Emanaldiak atzeratu egingo lirateke, bertan behera utzi beharrean”.
EGITARAUA:
- Abenduak 13, domeka. 17:00etan eta 19:00etan, El Drogas dokumentala, Zabielen.
- Abenduak 17, eguena. 19:30ean, Amoranteren kontzertua, Gaztetxean. Sarrera: 3 euro.
- Abenduak 18, barikua. 19:30ean, Deñe, Gaztetxean. Sarrera: 3 euro.
- Abenduak 19, zapatua. 18:00etan, Ro+Petti eta Etxeko Uzta, kiroldegian. Sarrera: 5 euro.
- Abenduak 20, domeka. 18:00etan, Raitx+Orbel, kiroldegian. Sarrera: 5 euro.