Azken orduetan intzidentzia mailak gora egin du Ondarroan eta Mutrikun
Atzo [abenduak 2] egindako azterketetan 9 positibo berri erregistratu zituzten Lea-Artibai eta Mutrikun: 5 Ondarroan eta 4 Mutrikun. Beraz, gainerako herrietan intzidentzia mailak behera egiten jarraitzen duen bitartean, bi herri horietan azken orduan tasak gora egin du.
Ondarroak gune gorrian egoten jarraitzen du. Azken 24 orduetan, gainera, intzidentzia mailak gora egin du herri horretan; herenegun [abenduak 1] 570,43ko intzidentzia maila metatua zeukan, eta azken 24 orduetan kasu berriak erregistratu ondoren, 605,36ko tasa edukitzera pasatu da. Mutrikun ere intzidentzia mailak gora egin du, nahiz eta gune laranjan egoten jarraitzen duen; 337,46ko tasatik 356,21ko tasara pasatu da. Gainerako herrietan, intzidentzia mailak behera egiten jarraitzen du.
Atzo [abenduak 2] 9 kasu berri erregistratu zituzten: 5 Ondarroan eta 4 Mutrikun. Gainerako herrietan ez dute kasu berririk erregistratu.
Lurraldeka. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan atzo [abenduak 2] 9.656 proba egin zituzten, eta horietatik 632 positibo atzeman zituzten (%6,5); kasu gehien Bizkaian erregistratu zituzten (296). Ospitaleratutakoen kopuruak ere behera egiten jarraitzen du; atzo [abenduak 2] 337 pertsona zeuden ospitaleratuta (herenegun baino 25 gutxiago). Eta ZIUn daudenen kopuruak ere beheraka jarraitzen du; atzo [abenduak 2] 127 zeuden ZIUn, herenegun baino 2 gutxiago.