Gizartea euskaraz biziberritzeko aldarria egin dute Euskararen Egunean
Euskararen Nazioarteko Egunak herriz herriko aldarrikapenak ekarri ditu. Bisita gidatua egin du Markina-Xemeingo AEK-k, eta Aulestin eta Munitibarren ikuskizunak egon dira.
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta ospakizunak egin dira Lea-Artibain ere. Eguna ospatzeko, bisita gidatua egin dute, esate baterako, gaur [abenduak 3] goizean Markina-Xemeingo AEK euskaltegiko ikasleek, eta Iturretako San Kristobal eta Etxarteko Santa Kurutzen berri izateko aukera eduki dute. Eskualdeko ikastetxe denetan ere eduki dute Euskara eguna gogoan, eta jai giroa dute nagusi.
Aurtengo Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpenagaz bat egin dute hainbat erakundek, eta pandemia dela-eta sare sozialen bidez zabaldu dute adierazpena. Gizartea euskaraz biziberritu behar dela azpimarratzen du aurtengo adierazpenak. Euskararen hiztun elkarteak ere sufritu duela pandemiaren eragina dio, bereziki erabilera mailan, eta mundu mailako krisiari euskaraz egin behar zaiola aurre gogora ekartzen du: “euskaraz egin behar dugu ilunpetik argira eramango gaituen bidea; euskaraz sendatuko gara, euskaraz sendatuko dugu geure gizartea; euskaraz besarkatuko ditugu mundu osoko gizakiak. Bat garelako. Euskaraz bat mundu osoarekin”.
Egoera zailetik ateratzeko eginahalean euskara lagungarri dela dio adierazpenak, bidelagun ezinbestekoa: “Krisialditik sendoago ateratzea helburu dugun honetan, erabil dezagun euskara era aurrera egiteko lanabes gisa. Euskaraz biziberritu behar dugulako geure gizartea, euskararen ahotsa zor diogulako munduari, euskaraz garelako munduko herritar eta euskara aurrerabidea delako”.
[2020KO EUSKARA EGUNEKO ADIERAZPENA]
Euskaraz bizitzeko konpromisoa erakutsiko dute arratsaldean ere Lea-Artibaiko herritarrek era askotako ekimenen bidez. Irakurtaldia egongo da Munitibarren, zumba eta jolasak Berriatuan, antzerkia Aulestin eta Ziortza-Bolibarren eta arigune irekia Etxebarrian.