Manzi mutrikuarrak Donostiako Grand Slamaren finala lehiatuko du
Atzelari gazteak Alex Hormaetxea aurrelari beteranoagaz bikotea osatu du, eta Beaskoetxea eta del Rioren kontra jokatuko dute biharko finala.
Donostiako Grand Slam zesta punta Txapelketaren finala lehiatuko dute Beaskoetxea-Del Rio eta Hormaetxea-Mancisidor bikoteek bihar [abenduak 4], Carmelo Balda frontoian. Jai Alai World Tour zirkuiturako puntuagarria da.
Finalaren aurreko partidua Zuloaga-Izagirre eta Aaron-Mandiola bikoteen artekoa izango da, eta 17:00etan hasiko da. Jai alive facebook orrialdean ikusi ahalko dira partiduak zuzenean. Domekan, berriz, ETB4n eskainiko dituzte, 13:30etik aurrera.
Final parekatua izatea espero da. Izen handiko bi pilotari ospetsu dira Beaskoetxea gernikarra eta Hormatxea bermeotarra, eta Manzi mutrikuarra eta del Rio etorkizun handiko gazteekin ariko dira. Aurreko koadroetan, gaur egun dauden bi errematatzaile onenen arteko lehia ziurtatuta dago. Printzipioz, Beaskoetxea-Del Rio bikotea da faboritoa, baina finalerdietan gora egin zuten Hormaetxeak Mancisidorrek, eta hortaz, ezustekoa ematea ere posible da.
Finalaurrekoan, nagusitasunez jokatuta, Beaskoetxeak eta Del Riok bi set-ak irabazi zizkieten Zuloagari eta Zabalari (15-7 eta 15-8). Beaskoetxeak aurrean alde nabarmena markatu zuen, eta baita atzean del Riok ere, bere eskuma indartsuagaz.
Hormaetxea-Manzi eta Arbe-Manex bikoteen arteko finalerdian emozio gehiago egon zen. Bikote bakoitzak set bana irabazi ostean (5-15 eta 15-14), berdinketa haustekoa oso estua izan zen. Launa berdinduta joan ziren, eta azkenean, bermeotarrak eta mutrikuarrak lortu zuten finalerako txartela.