Toledoko Itunaren gomendioen aurkako protestek kaleak bete dituzte
600 lagunetik gora batu dira Ondarroan, Lekeition eta Mutrikun egin dituzten protestetan. Aldarri berberak atera dituzte kalera hiru herrietan.
Zapatu [abenduak 5] eguerdian Euskal Herriko hainbat hiri eta herritako kaleak Toledoko Itunaren gomendioen aurka protesta egiteko bete ziren. Eguraldi txarrari aurre eginez, Ondarroan, Lekeition eta Mutrikun dozenaka herritarrek bat egin zuten pentsiodunek deitutako mobilizazioekin. 360 bat lagun batu ziren Ondarroan egindako manifestazioan, 200 bat lagun Lekeitioko mobilizazioan eta 55 bat lagun Mutrikuko protestan; aldarri berberak atera zituzten kalera hiru herrietan.
Kalera protestan irten zuten herritarrak Toledoko Itunaren gomendioen aurka agertu ziren, eta, beste behin ere, egungo pentsio sistemak dituen gabeziak ozen salatu zituzten. “Gomendio horien artean ez daude 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, soldadetan eta pentsioetan dauden genero arrakalagaz amaitzeko neurriak edo alarguntza pentsioaren oinarri arautzailea %100era igotzea. Era berean, ez dira jasotzen pentsi duinak bermatzen dituen enplegu duinak sustatzeko ezinbesteko neurriak”. Gaineratu dutenez, ez dira indargabetu 2010eko eta 2012eko lan erreformak eta ez da ezarri Europako Gutun Sozialean aurreikusitako 1.200 euroko lanbide arte gutxieneko soldata.
Onartu berri den Espainiako Aurrekontu Orokorragaz ez datozela bat ere agerin laga nahi izan zuten. “Ez gaude pozik pentsioen igoera orokorraren mugekin. Pentsioak hilean 402,70 eurora murrizten dira eta lanbide arteko gutxieneko soldata hilean 950 eurotan geratzen da”.