Aratz Mendizabal: "Helburua da esperientzia bizitzea eta ikastea"
Aratz Mendizabal ‘Goixarri’ atzelari mutrikuarrak profesionaletan debutatu du Miamiko Jai Alai frontoian. "Nahikoa ondo" egokitzen ari dela azaldu du, eta ikasteko eta gozatzeko irrikitan dago.
Miamin ariko zara 2 hilabetez. Espero zenuen aukera hau? Aukera hau nola hartu duzu? Zeintzuk dira zure helburuak?
Aukera posible moduan ikusten nuen bai. Hilabete hauetako helburua da esperientzia bizitzea, bertoko jendearengandik ikastea eta ahal dudan heinean kinielak irabaztea. Garrantzitsuena ikastea eta esperientziaz gozatzea da.
Hemendik horra salto handia igarri al duzu?
Ez dut igarri salto handirik. Hemen oso pozik nago; anaia eta lagunak hemen daude. Danian jokatzen duten pilotariekin ere asko egoten gara. Alde horretatik pozik nago. Ez gaude inoiz bakarrik, beti dago baten bat alboan. Egokitu beti egin behar zara, baina ez da izatean zaila egokitzea. Hemen ditudan baldintzekin nahikoa ondo egokitu naiz.
Miami Jai Alain debutatu duzu. Zelan joan da lehen astea?
Azteazkenean hasi nintzen. Nahikoa ondo hasi gara, oraindik frontoian guztiz egokitu gabe nago, baina sentsazio eskasekin ez gara hasi, behintzat, eta hori positiboa dela uste dut. Lehenengo aldia dut hemen, eta frontoira eta denera egokitu behar naiz. Egokitzen ondo hasi naiz, eta alde horretatik pozik nago. Asteak eta egunak aurrera joan ahala, hobeto ariko naiz.
Zelako egutegia daukazue? Noiz jokatzen dituzue partiduak?
11:00etan hasten gara jokatzen. Askotan segituan, 13:30ean, segitu eta zortzi kiniela jokatzen dira. Gero, 16:30ean, beste zortzi lehiatzen dira, baina horiek beste maila batekoak dira. Astean egun bakar bat daukagu jai, asteartea, beste egun guztietan jokatzen dugu. Gogorra da, nekatu egiten zarelako, baina asko merezi du.
Maisu edota izen handien alboan aritzeko aukera daukazu.
Bai. Goiko, Aritz Erkiaga, Lopez, Cisneros… asko daude, eta horien kontra ari naiz kiniela batzuk jokatzen. Eta abenduaren 13an Daniatik datoz Erik Mendizabal, Amigorena, Goronda, Ladutxe… Kantxatik kanpo beti ikusi ditut jokatzen, eta orain kantxan eurekin jokatzea pozgarria da. Helburu nagusiena ez da izan behar horiei irabaztea. Irabazten baduzu hobeto, baina eurak beste maila batean daude. Munduko pilotari onenak dira eta izan dira, eta eurengandik ahal den gehien ikastea da nire asmoa. Euren aholkuak hartu, aplikatu ahal izateko. Entzun eta ikasi. Frontoi honetan denbora asko daramate, dena ondo dakite. Eurek aholkuak ematea aberasgarria da ikasteko, eta asko eskertzen dut.
Hemen eta hor bizi izan duzu COVIDagatik baldintzatuta jokatzea. Alderik badago?
Frontoian derrigorrezkoa dugu maskarak erabiltzea momentuoro, eta kantxara ateratzen garenean kendu ahal dugu jokatzeko. Baina hemen askatasun askoz handiagoa daukagu: kalean norberak erabakitzen du erabili edo ez, ez dago etxeratze ordurik, eta harremanetan ere ez dago mugatuta zenbat pertsona elkartu gintezkeen. Zentro txikietara sartzeko bada, derrigorrezkoa da maskara erabiltzea.
Frontoian ikuslerik badabil?
Jende oso gutxi egoten da, eta ia ez da igarri ere egiten, ez duzu ezer entzuten. Frontoian makinak daude, eta horietatik egiten dituzte apustuak.
Iazkoa Xisterako Zirkuituko maila nagusian jokatu zenuen lehen urtea izan zen, eta irabazi egin zenuen Antxonekin. Lehen faseko atzelaririk onena izan zinela azpimarratu zuten. Pilotariontzat nolako garrantzia dauka Xistera Zirkuituak?
Xisterak aukera eman digu herri desberdinetako jendea elkartzeko. Maila oso altua egon da Xistera Zirkuituan, eta eurek lan oso ona egin dute. Hori eskertu beharra dago. Oso pozik gaude Xisterak egindako lanarekin. Txapelketa garrantzitsua eta handia izan da guretzat. Egiten den lanagatik eta dagoen inplikazioagatik, zestarentzat funtsezko pieza izan da Xistera.
Zein izan da zure erreferentea?
Zestan jokatzen irakatsi didana aita izan da, eta berari ere asko daukat eskertzeko. Denbora asko eman dut berarekin ikasten eta jokatzen. Bera izan da erreferentea. Bestetik, joko aldetik beti gustatu izan zait Aritz Erkiaga.
Urte arraroa, ez ohikoa da. Denboraldiaren zelako balorazioa egiten duzu?
Oso ona izan da. Abenduan Xistera Zirkuitua irabazi nuen Antxon Alberdigaz, gero COVIDaren ondorioz geldi egon ginen, eta bueltatu ginenean, Inter Jai edo Master Jai txapelketa jokatu, eta hori ere irabazi genuen Antxonek eta biok. Balorazioa oso positiboa da. Euskal Herrian konfiantza osoz jokatzen aritu naiz, eta denboraldian jokatu ahal izan dugunetan egindako lana ona izan dela uste dut.
Anaia Danian ari da. Bertan jokatzea gustatuko litzaizuke?
Ez daukat argi oraindik. Lehenenengo hau zer den ikusi eta hilabete hauek hemen lasai pasatu nahi ditut. Gero ikusiko dugu ikusi behar dena, ea ze aukera dauden. Orain, lasai hartu, eta bi hilabete hauetan zentratuko naiz.