Antonio Mendizabal Arrate 'Mendi' puntista markina-xemeindarra zendu da
85 urtegaz zendu zen atzo [abenduak 8]. 1952an egin zuen debuta profesionaletan Zaragozan, eta 1977 urtean erretiratu zen. Bihar emango diote azken agurra.
Markina-Xemeingo Antonio Mendizabal Arrate Mendi zesta punta jokalari ohi ezaguna hil da, 85 urte zituela. Bihar [abenduak 10] 18:00etan egingo dute haren omenezko hileta-elizkizuna Markina-Xemeingo Xemeingo parrokian.
Aita bidaniarra eta ama markinarra izanik, Gipuzkoako Bidania-Goiatz herrian bizi izan zen 5 urte zituenera arte, eta orduan Markinara etorri zen bizitzera. Frontoi aurrean bizi ziren, eta etxetik ikusten zituen puntistak frontoira joaten, beraz, koxkortu zenean berak ere frontoirako bidea hartu zuen.
16 urtegaz 1952ko irailean egin zuen debuta profesionaletan Zaragozan (Espainia), ikasi eta jokatu egiten zuen, eta bi urte beranduago Manilako (Filipinak) frontoi ospetsuan jokatu zuen. 1955-56 denboraldian Dania Jai Alaira iritsi zen, Floridara (AEB), eta enpresaren eskariz atzelari bezala jokatzen hasi zen, koadro horretan aurrelari ugari zeudelako. Ordutik, atzelari aritu zen Mendi erretiratu zen arte.
Tijuanan (Mexiko) ere jokatu zuen 1956tik 1962ra eta Miamin (AEB) 1962tik 1968ra, eta Euskal Herriko frontoietan zehar ere ibili zen, Gernika-Lumo, Markina-Xemein, Durango, Donibane Lohitzune, Hernani (Galarreta) eta Azpeitian (Izarraitz) besteak beste. 1977 urtean erretiratu zen.
Zesta Puntaren Lagunak elkarteak elkarrizketa bat egin zion 2016 urtean. Bertan jasotzen dute bere bizitza guztia.