Aratz Mugertza mutrikuarrak promozio txapelketa jokatuko du
Mugertzaren helburua lanak ondo egitea da, ahalik eta postu onena lortzeko. "Etxeko lanak egin, eta ahal denik eta aurreren sartzea da helburua. Eta txapela lortu ahal baldin badut, hobeto", esan du mutrikuarrak.
Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiko finala eta bigarren mailako promozio txapelketa lehiatuko dituzte domekan [abenduak 13], 12:00etan hasita, Bilbao Arenan. Eta Lehen Mailara igotzeko lehian ariko da Aratz Mugertza mutrikuarra. Zortzi aizkolarik jokatuko dute promozioko txapelketa. Mugertzarekin batera ariko dira Larrea III, Corchero, Jauregi, Eneko Saralegi, Pellejero, Zelai IV eta Julen Kañamares.
Mutrikuarraren helburua ahalik eta postu onena lortzeko lan egitea da: “Etxeko lanak egin, eta ahal denik eta aurreren sartzea da helburua. Eta txapela lortu ahal baldin badut, hobeto”. Faborito argirik ez dagoela zehaztu du, eta beraz, txapelketa irekia dagoela: “Zaila da, denok ere antzera gaudela ematen du. Parekatu samar egongo dela uste dut”.
Final nagusian, berriz, txapela eskuratzeko sei aizkolari ariko dira zein baino zein gehiago: Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Eneko Otaño, Julen Alberdi, Aitzol Atutxa eta Jon Irazu.
Finala txanda bakarrean jokatuko dute, eta aizkolariek 54 hazbeteko bi enbor(40 zm diametro), 60 ontzako bi enbor(44 zm diametro)eta 72 ontzako bi enbor (53 zm diametro) moztu beharko dituzte.
Promozio txapelketan, ostera, finalaren lanaren erdia neurtuko dute.
Gaur [abenduak 9] aurkeztu dute finala Bilbon, eta Iker Vicentek adierazi du aurten egin duten apustua fruituak ematen ari dela: “Aizkolariontzat hain zaila den urte honetan, gure kirola etorkizunera eramateko bidea irekitzeko erabakia hartu dugu. Txapelketa honek frogatzen du gure batasuna fruituak ematen ari dela. Ilusio handia dugu final honekin. Kirolari dagokionez, erronka handia dugu aurrean, eta gutako bakoitzak gure onena emateko konpromisoa hartzen du. Aizkolaritza gorenera eramateko helburua egia bihurtzen ari gara”.
Aizkora zabaldu, ezagutara eman eta modernizatzeko erronka hartu dute aurten aizkolariek, eta Aitzol Atutxak azpimarratu du hori lortzen ari direla, eta eurek antolatutako txapelketa hau dela lorpen horren adibide garbia: “Erakutsi dugu, gurea bezalako kultura eta kirol minoritarioetan aurrerapausoak emateko, norberaren aurreiritziak eta inbidiak alde batera utzi behar direla eta, horrela, helburu bateratuak lortu. Belaunaldi honetako aizkolariak kirolari profesionalak gara, eta maila guztietan prestatzen gara, beste edozein kirol-diziplinatan bezala. Gure kirolak gaurko gizarteari ekarpen handia egin diezaioketen balioak dituela uste dugu”.