Debabarreneko enpresak bisitatzen hasi dira, hondakin bilketa eta birziklapen tasa hobetzeko
Gaur egun eskualdean batzen diren 14.000 errefusa tonetatik 2.100 tona industrialdeetan batzen direla diote. Hobetu beharrekoak aztertuta eta hautemanda dituztela eta bileretan horiek azpimarratuko dituztela diote.
Debabarreneko Mankomunitatea eskualdeko enpresak bisitatzen hasi da, hondakin bilketa zerbitzua hobetzeko eta biriziklapen tasa igotzeko. Guztira, otsailera bitartean, 825 enpresa bisitatuko dituztela esan dute.
Zehaztu dutenez, gaur egun eskualdean batzen diren 14.000 errefusa tonetatik 2.100 tona industrialdeetan batzen dira. «Enpresetara egindako bisiten bidez, mankomunitateak lankidetza sustatu nahi du kopuru hori murrizteko eta eguneroko jardueran sortzen diren etxeko hondakinak bereizita biltzeko».
Mankomunitateko kideek esan dutenez, analisi fase bat egin eta gero, aztertuta eta hautemanda daukate zeintzuk diren hobetu beharrekoak, eta bileretan horiek azpimarratuko dituztela diote.
Alde batetik, errefusaren edukiontziak hiri hondakinetarako direla gogoraraziko diete. Hau da, horietan ezin dira utzi fabrikazio industrialean sortutako hondakinak. «Hondakin horiek errefusaren edukiontzian botatzea 300 eurora arteko arau haustea litzateke».
Bestetik, edukiontzi urdina papera eta kartoirako baino ez dela azpimarratuko diete. «Gaur egun, industrialdeetako edukiontzi urdina plastikoz, egurrez eta bestelako hondakinez beteta egoten da. Edukiontzia mankomunitatearena denez, hondakin desegokiak uzten jarraituz gero, kendu egingo da, eta zerbitzu hori ez zaio emango dagokion enpresari».
Aurretiaz enpresetara egindako bisitetan hainbatek plastiko filma jasotzeko zerbitzua eskatu zutela aipatu dute. «Plastiko filmaren erabilera oso ohikoa da eskualdeko enpresetan». Horren aurrean, atzo hasi eta otsailera bitartean egingo dituzten bisitetan, hondakin mota hori bereizita jasotzeko zerbitzua «beharrezkoa eta bideragarria» den baloratu nahi dutela diote.