DemaSA lehiaketa irabazi du Aiert Goenagaren eta Asier Riveraren 'Fail' lanak
Epaimahaiak esan du film laburra gauza askorengatik gustatu zaiela: "Nondik abiatu duten ideia, teknika, umorea, hizkuntza nola baliatu duten...". Lan "originala" dela diote, eta atzean "lan handia" dagoela nabaritzen dela gaineratu dute.
DemaSA lehiaketako sari nagusia irabazi du Aiert Goenaga eta Asier Rivera ondarrutarrek sortutako Fail film laburrak. 1.000 euro jaso dituzte saritzat, eta gainera, datorren urteko DemaSA lehiaketarako iragarkia egiteko aukera ere edukiko dute. Publikoaren saria, berriz, Bermeora joan da, hain zuzen, Spookypheria Productions elkartearen Agur lana izan da bozkatuena. Bermeotarrek Durangoko Azokako produktu sorta jaso dute saritzat.
Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako sortzaile amateurren lehiaketa da DemaSA. Durango Azokaren baitan egin zuten sari banaketa, atzo [abenduak 8]. Lehiaketak Euskal Herriko film laburren rallyetan parte hartu duten lanak batzen ditu; lehiaketa horietako irabazleak eta finalistak sartzen dira DemaSAn. Hortaz, “onenen arteko finala” dela esan zuen sari banaketa ekitaldia aurkeztu duen Ugaitz Alegria aktore ondarrutarrak. Ondarroako Maribilli Sormen Festibala irabazi zuen Fail lanak, eta 16. Kameratoia, berriz, Agur film laburrak.
Aiert Goenaga: “Epaimahaikideek emandako balorazioagaz harrituta eta pozik gaude. Lehiaketa batera aurkeztu eta bi sari!”
DemaSA lehiaketako epaimahaia Olatz Beobide aktore eta zuzendariak eta Yago Mateo aktore eta zinemagileak osatu dute. Azaldu dutenez, «asko gustatu» zaie Fail, gauza askorengatik: “Nondik abiatu duten ideia, teknika, umorea, hizkuntza nola baliatu duten…”. Lan “originala” dela diote, eta atzean “lan handia” dagoela nabaritzen dela gaineratu dute.
Aiert Goenagak esan du “oso pozik” daudela sariagaz, “espero ez zuten” saria izan dela, eta hortaz “sorpresa handiz” hartu dutela: “Lehiaketa batera aurkeztu eta bi sari!”. Epaimahaikideek emandako balorazioagaz “harrituta eta pozik” geratu direla dio. “Esperientzia polita eta aberasgarria izan zen, baina era berean, gogorra. Ikusten den segundu bakoitzeko hamar argazki ateratzen ditugu”, esan du Goenagak. 1.000 euroak Asier Riveragaz batera martxan daukan proiektura bideratuko dituztela esan du Goenagak: “Azken finean, Fail beste proiekturako entrenamendu bat izan zen. Kontuan izan behar da normalean zero euroko aurrekontuagaz mugitzen garela, beraz, ondo etorriko da”.