Gazta eta esneki sektoreari zuzendutako plataforma bat jarri dute martxan
Markina-Xemeingo Leartiker Zentro Teknologikoak, Europako 15 herrialdetako 20 kidegaz batera parte hartu duen FACE in itinere proiektuaren baitan garatu dute atari berria.
Gazta eta esneki sektoreari zuzendutako plataforma bat jarri dute martxan Markina-Xemeingo Leartiker zentro teknologikoak parte hartzen duen FACE in itinere proiektuaren baitan. Plataforma berria esneki sektoreko ikasle, ekoizle eta saltzaileei dago zuzenduta, eta beraien intereseko formakuntza eskaintza, egonaldi aukerak eta harremanak modu erraz batean helaraztea du helburu.
FACE in itinere europar proiektua 2019ko irailean jarri zuten martxan, eta Leartiker Zentro Teknologikoak Europako 15 herrialdetako 20 kidegaz batera parte hartzen du bertan. Proiektuaren helburuetako bat gazta eta esneki ekoizle artisauen eta saltzaileen arteko harremanak erraztea dela azaldu dute, egonaldiak eskainiz edo ikasle modura egonaldietan parte hartuz: “Web plataformak prozesu hori errazten du, egonaldiak edo bisitak hartzeko prest dauden ekoizle eta saltzaileak identifikatuz eta beraien berezitasunak erakutsiz. Europa mailan egonaldiak edo bisitak burutzeko interesa duten pertsonei beraiekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera ere ematen die atari honek”.
Gaztandegi artisauentzako eta saltoki espezializatuentzako ikastaroen Internet bidezko katalogo bat egitea ere bada plataformaren asmoa. “Gaztandegien jarduerarekin lotutako ikastaroak eskaintzen dituzten hornitzaileei beraien ikastaroen informazioa plataforman jartzeko aukera ematen die web atariak. Katalogo horrek erraztu egingo die esneki artisauen ekoizle eta saltoki espezializatuei beraien intereseko ikastaroak aurkitzea”.
Jakitera eman dutenez, plataformako datuak gazta eta esneki sektoreko profesional guztientzat egongo dira ikusgai. Beraz, gaztagile eta saltzaileek Europa mailako lankideekin harremanak estutzeko aukera edukitzeaz gain, ezagutzak handitu eta esperientzia lortu ahal izango dutela ikusten dute.