Intzidentzia mailak behera egiten jarraitzen du Lea-Artibai eta Mutrikun
Azken 24 orduetan soilik positibo berri bat erregistratu dute Lea-Artibai eta Mutrikun; kasu berria Ondarroan erregistratu dute. Intzidentzia maila herri guztietan ari da jaisten. Ospitaleratuta daudenen kopuruak gora egin du, eta ZIUn daudenenak aldiz, behera.
Azken 24 orduetan soilik positibo berri bat erregistratu dute Lea-Artibai eta Mutrikun; Ondarroan erregistratu dute kasu berria. Kasu berria atzemanda ere, intzidentzia mailak herri guztietan egin du behera, baita Ondarroan ere. Mutrikuk eta Lekeitiok gune horian egoten jarraitzen duten bitartean, Ondarroak gune laranjan jarraitzen du. Baina, esan bezala, azken herri horretan ere intzidentzia metatua jaitsi egin da azken orduetan.
Lurraldeka. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo [abenduak 8] 8.234 proba egin zituzten, eta horietatik 450 positibo erregistratu zituzten (%5,5). Bestalde, ospitaleratutakoei dagokienez, atzo 388 pertsona zeuden ospitaleratuta (herenegun baino lau gehiago), horietatik 125 ZIUn (herenegun baino 3 gutxiago).
LABIren bilera. Arratsaldean Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku batzordea bilduko da, eta, datozen asteetako neurriak zeintzuk izango diren iragarriko dituzte. Horri begira, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak agintariei esan die gomendioak baino erabakiak hartu behar dituztela. “Gomendioak psikologoek ematen dituzte, baina agintariek aginduak eman behar dituzte”.