Jose Ramon Txopiteak irabazi du Mendexako argazki lehiaketa
'Karraspioko bidia' argazkiarentzat izan da lehen saria. Txopitearen 'Mareerrota' argazkiak jaso du bigarren saria eta Jose Jabier Uskolaren 'Elurra mara-mara' argazkiak hirugarrena.
Mendexako Udalaren eta Leixarra Elkartearen udal egutegia osatzeko argazki txapelketaren saridunak erabaki ditu epaimahaiak. Mendexako paisaiak izan da gaia, eta Jose Ramon Txopitea Txople-k jaso ditu lehenengo bi sariak eta Jose Jabier Uskolarentzat izan da hirugarren saria. Karraspioko bidia argazkiak irabazi du lehiaketa; Mareerrota eta Elurra mara-mara izan dira bigarren eta hirugarren sailkatuak, hurrenez hurren.
Lehiaketara aurkeztu diren hamasei pertsonen 42 argazkiren artean egin dute aukeraketa. Parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izan ditu.
Iaz antolatu zuten lehenengoz lehiaketa, eta Leixarra Elkartearen ordezkariek esan dutenez, herritarren erantzunagaz pozi daude. Kalitatezko argazkiak jaso dituzte: “Epaileek esan dute aurten kalitatea igo dela. Argazkiak kalitate eta maila handiagokoak izan direla iaz baino. Gaia aurrekoa baino zabalagoa izan da, eta horrek aukera eta aniztasuna handia eman du. Bigarren urtea da egin duguna, eta parte hartze kopurua iazko antzekoa izan da, eta oso pozik gaude. Guretzat kopuru polita da; argazki lehiaketa baterako ez da gutxi, eta are gehiago egoera honetan”.
Gabonetako erakusketa. Leixarra Elkarteak argazki zaharren erakusketa egiten du urtero, Gabon sasoian, eta aurtengo gaia Kirola izango dela iragarri dute.
Hori prestatzen ari dira dagoenerako, eta gai horren inguruko argazkiekin batera, udal egutegia osatzeko lehiaketara aurkeztutakoak ere ipiniko dituzte. “Egoerak baimentzen badu”, lehiaketaren sari banaketa ekitaldia erakusketaren inaugurazioagaz batera egingo dute, abenduaren 25ean, 12:00etan, udaletxeko ganbaran. Argazkiak egun horretan, abenduaren 27an eta urtarrilaren 1ean ikusi ahalko dira, 12:00etatik 14:00etara.