Prebentzio baheketak egingo dizkiete soziosanitarioei Markina-Xemeinen
Markina-Xemein, Ondarroa, Lekeitio, Munitibar, Berriatua eta Mundakako zentro soziosanitarieotako beharginei egingo dizkiete probak. 10:00etan hasiko dira PCR probak egiten. Guztira, 257 profesionali egingo zaizkie.
Bizkaiko Foru Aldundiak dispositibo berezia jarriko du bihar [abenduak 10] 10:00etatik aurrera, Atxondo Kiroldegian, prebentziozko baheketa egiteko.
Adinekoen eta desgaitasuna duten pertsonen 11 zentro soziosanitariotako 257 profesionali egingo zaizkie PCR probak. Udalak gunea egokituko du probak modu seguruan egin ahal izateko. Horrela, Lea-Artibai eta Busturialdeko beharginak igaroko dira kiroldegitik, bakoitza bere orduan. Markina-Xemein, Ondarroa, Lekeitio eta Munitibarko egoitzetakoak, Markina-Xemein, Lekeitio eta Ondarroako eguneko zentroetakoak, Berriatuko Lantegi Batukoak eta Mundakako desgaitasun zentrokoak.
Prebentziozko PCR probak egiten dituzten bigarren aldia izango da biharkoa. Irailaren amaieran, frontoi txikian jarri zuten dispositibo berezia, baina oraingoan beste espazio bat bilatu dute probak egiteko. Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak azaldu duenez, eguena izanik, merkatu plaza egoten da frontoi txikian eta barikuko ikuskizunerako prestatzen egongo dira frontoi nagusia. Hori dela eta, beste gune bat egokituko dute.