'Txiki handia zara' emanaldia hartuko du Mendexako frontoiak
Domekako emanaldirako sarrerak agortuta daude. 'Gabonetako Ipuinak' liburu musikatua aurkeztuko du Iñigito Txapelpunkek.
Iñigito Txapelpunken eskutik, Txiki handia zara emanaldi magikoagaz gozatuko dute mendexarrek domekan [abenduak 13], 12:00etatik aurrera.
Mendexan bizi den artista, abeslari eta musikariak argitaratu berri duen Euskal Herri Magikoa bildumaren Gabonetako Ipuinak lehen liburu musikatua aurkeztuko du, Andrea Covadonga aktorearen, bi dantzariren eta ipuin kontalari baten laguntzagaz. Antolatzaileek iragarri dutenez, “ezustekoak” ere egongo dira: “Eta gura dutenentzat, Iñigito bere liburuak sinatzen ere ariko da”.
Domekakoa kultur emanaldi soil bat baino askoz gehiago da mendexarrentzat. Izan ere, belaunaldien arteko harremanak sendotzeko eta bultzatzeko helburua dauka ekitaldiak. Erronka horri heldu zieten iaz Goi-Alde Mendexako 3. Adinekoen Elkartearen kideek. Iazko abenduan egin zuten belaunaldi arteko harremanak sendotzeko lehen ekintza. Talo tailerrean herritar askok parte haru zuten.
Hala, ume, gazte zein helduek alkarregaz ondo pasatzeko aukera edukiko dute domekan. “Bizi dugun egoera nahikoa tristea da, eta herrian giroa sortu eta poztasuna emateko ekitaldia izango da”.
Sarrerak agortuta. Emanaldia udalaren laguntzagaz antolatu dute, eta doako ekitaldia bada ere, sarrerak aurretiaz erreserbatu behar izan dira udaletxean. Egungo egoeragatik, aforo mugatuagaz, 102 pertsonarentzat sarrerak eduki dituzte eta agortu egin dira.