Iñaki Garcia Estebanek entrenatuko du Aurrera
Vigoko Celtaren harrobian aritu den Jon Blanco Puime izango da bigarren entrenatzailea, eta Garciarekin Elorrion aritu den Jon Romero Zugazaga laguntzaile teknikoa eta atezainen entrenatzailea izango da.
Aurrera Kirol Elkartean zuzendaritzak gaur goizean [abenduak 15] jakinarazi du orain arte Elorrioko entrenatzailea izan den Iñaki Garcia Estebanekin Aurrerako lehen taldea entrenatzeko akordioa lortu dutela. Vigoko Celtaren harrobian aritu den Jon Blanco Puime izango da bigarren entrenatzailea, eta Garciarekin Elorrion aritu den Jon Romero Zugazaga laguntzaile teknikoa eta atezainen entrenatzailea izango da.
Aurrera Kirol Elkarteak bere esker ona helarazi dio Elorrioko taldeari Iñaki Garcia eta Jon Romero Zaldupeko aulkian esertzea ahalbidetu eta erraztearren. “Aurreko denboraldian lehia estua bezain polita mantendu zuten Elorriok eta Aurrerak Ohorezko Erregional Mailako lidergoa eskuratzeko, ondarrutarrengandik puntu bakar batera bukatu zuelarik Durangaldeko taldeak. Orain, Aurrera Hirugarren Mailan mantentzeko erronkari aurre egingo dio Iñakik”, adierazi dute klubaren ordezkariek.
Taldearen gidaritza hartu izana eskertzeagaz batera, aurtengo helburua “denen artean” lortu ahalko dutela azpimarratu dute: “Guztiok batera arraun egiten badugu, lana eta konpromisoa ardatz hartuta, ziur denboraldiko kirol helburu nagusia beteko dugula: Hirugarren Mailari eustea mendeurrenaren urtean”.