Incursed taldeak otsailean argitaratuko du 'Baskavigin' diskoa
Lander Lourido eta Haitz Etxebarria musikari ondarrutarrak kide diren musika taldeak ‘Baskavigin’ izeneko seigarren diskoa argitaratuko du otsailaren 5ean.
Incursed musika taldea 2007an sortu zen, Aranda de Dueron (Burgos, Espainia). Hasiera batean, beste kide batzuek osatzen zuten taldea, baina, denboragaz, batzuk taldetik joan eta beste batzuk sartu dira. Gaur egun, bost kidek osatzen dute, eta tartean bi ondarrutar daude: Lander Lourido eta Haitz Etxebarria. Metal estiloko musikarenganako daukaten zaletasunak elkartu zituztela diote, eta orain, taldea sortu eta hamahiru urtera, seigarren diskoa argitaratuko dute otsailaren 5ean: Baskavigin.
Izatez taldea 2007an sortu bazen ere, taldeko kideak Bilbora ikastera joan zirenean hasi zen taldea musika munduan lehen hastapenak egiten. Lourido duela lau bat urte-edo sartu zen taldean, eta Etxebarria duela bi urte inguru. «Aspalditik elkar ezagutzen genuen. Aurretik ere lagunak ginen, eta gero, denboragaz, beste kide batzuek taldea utzi egin zutenez, taldeko kide izatera pasatu gara», azaldu du Etxebarriak. Metal musikaren zaleak izanik, estilo horretako kontzertuetara joanda elkar ezagutu zutela dio. «Giro metaleroan mugitzen ginen guztiok».
Seigarren lana finantzatzeko, Internet bidezko diru bilketa abiarazi zuten apirilean. Eta erantzuna espero baino hobea izan zela esan dute. «Guk pentsatu baino hobeto joan zen diru bilketa. 4.000 euro inguru lortzeko erronka finkatu genuen, eta hasiera batean motel joan bazen ere, azkenean kopuru hori gainditzea ere lortu genuen».
Pandemiaren eragina. Entzuleen ekarpenekin diskoa finantzatzeaz gain, taldeko kamisetak ere atera zituztela argitu dute. «Disko batek kalitate ona edukitzeko diru asko behar da, eta guk ez daukagu. Horregatik egin genuen Internet bidezko diru bilketa».
Hasiera batean diskoa uda amaieran argitaratzea zen euren helburua, baina pandemiak planak atzeratu zizkietela esan dute, beste asko eta askori modura. «Egoerak behartuta, dena atzeratzen joan da. Konfinamenduak harrapatu gintuenean diskoa grabatuta zegoen, baina nahasketak-eta egiteke zeuden». Egoera nola zegoen ikusita, diskoa 2021eko otsailean argitaratzea erabaki zuten. «Gauzak korrika batean egin beharrean, nahiago izan genuen lasai hartu eta ondo egin. Horregatik atzeratu dugu otsailera».
Denbora guzti honetan, baina, ez dira geldirik egon. «Argitalpena atzeratu egingo zela jakinda, egutegi bat egin genuen, eta horri jarraituz, singleak argitaratzen joan gara».
Metala taldearen ardatza bada ere, estilo askotako abestiak entzuten dituztela diote. «Estilo ezberdinak entzuterakoan, horiek gero gure lanetan islatzen dira. Esaterako, diskoak folk ukituak ere baditu».
Musikaz gain, taldeko kideek estetika propioa ere ondo-ondo landuta daukate. Eta hori begibistakoa da seigarren diskoaren izenburua daukan abestiaren bideoklipean. «Bikingo estilo hori aurretik ere bageneukan. Eta Baskavigin abestiaren bideoa egiterakoan, 1615. urtean Islandian gertatutako gertaera bat irudikatu nahi izan dugu».
Zuzeneko gosez. Irudi eta estetika ikusgarriagaz, deigarria da bideoa. «Itsasoa agertzen den zatiak Saturraranen grabatu genituen. Taldeko argazkiak ere bertan atera genituen». Bideoa bi lagunek egin dietela diote (Recrum Media & Dando al REC). «Emaitzagaz oso gustura geratu gara».
Diskoa argitaratzear daudela, zuzeneko gosez daudela ere esan dute. «Egia esan, aurten ez geneukan pentsatuta kontzertu asko ematea. Disko berria grabatu behar genuela eta, bizpahiru kontzertu genituen. Beraz, pandemiak ere ez dizkigu kontzertu asko zapuztu. Dena dela, oholtzara igotzeko desiatzen gaude».
Diotenez, euren estiloko kontzertuak gehiago eskaintzen dira Espainian Euskal Herrian baino. Baina jaialdi zehatzetan ere aritzen direla esan dute. «Iaz Esloveniako jaialdi batean jotzera ere heldu ginen. Aurten ere han jotzekoak ginen, baina pandemia dela eta, datorren urtera atzeratu digute».
Oro har, musika talde bat da Incursed, baina taldeko kideek hain gustuko duten euren zaletasuna ze, estilo propioa daukatela. Beraz, musikatik haratago doan taldea dira.
XVII. mendean Islandian gertatutakoa: Islandiatik dator Incursed taldearen seigarren diskoaren izenburua (Baskavigin). «Euskal bale arrantzaleen hilketa» esan nahi du, eta XVII. mendeko gertaera bati egiten dio erreferenzia: 1615. urtean euskal bale arrantzale batzuk espedizioan heldu ziren Islandiara, eta Vestfirdir eskualdeko bizilagunekin arazoak eduki ostean, hil egin zituzten. «Izatez, izena bilatzen hasi ginenean, gertaera hari erreferentzia egiten zion, baina euskaldunak espainiarrak balira bezala jasotzen zuen hitza aurkitu genuen: Spanverjavigin. Gero, baina, Baskavigin izeneko dokumental bat existitzen zela jakin genuen, eta gu euskaldunak garenez, izen horregaz gehiago identifikatu ginen. Bitxia iruditu zitzaigun, eta hortik dator diskoari izen hori jartzearena». Harrigarria bada ere, 1615. urteko gertaeraren harira, Islandiako legedian ez zegoen zigortuta bale arrantzale euskaldunak hiltzea. Hau da, legezkoa zen. Hori, hain justu, 2016. urtean aldatu zuten, Euskal Herritik bideratutako eskaera bat medio.
Diskografia:
- 2012. Fimbulwinter.
- 2014. Beer Bloodbath EP.
- 2014. Elderslied.
- 2017. The Slavic Covenant.
- 2017. Amalur.
- 2021. Baskavigin.