Iñigito Txapelpunkek 'Gabonetako Ipuinak' liburu musikatua aurkeztu du Mendexan
Belaunaldien arteko harremanak bultzatzeko ekitaldian "gustura" elkartu dira mendexarrak. Iñigito Txapelpunkek liburu musikatua aurkezteko egin duen zuzeneko lehenengo emanaldia izan da Mendexakoa.
Txiki Handia Zara emanaldi magikoagaz, musikaz bete zuten domekan Mendexako frontoia. Udalerrian bizi den Iñigito Txapelpunkek Euskal Herri Magikoa bildumaren barruko Gabonetako Ipuinak bere lehen liburu musikatua aurkeztu zuen. Hain zuzen, bere lan berri hori aurkezteko egin duten lehenengo emanaldia izan da, eta horretarako ipuin kontalari lanetan aritu zen Andrea Covadonga aktorearen eta bi dantzariren laguntza eduki zuen. Gainera, Iñigitok lau kamiseta zozkatu zituen.
Iaz hasi ziren belaunaldien arteko harremanak bultzatzeko ekitaldia egiten, eta orduan modura, oraingoa ere arrakastatsua izan da. Frontoiko 104 pertsona aforoa bete zuten. Goi-Alde Mendexako 3. Adinekoen Elkartearen kideek azpimarratu dutenez, “gustura” egon ziren: “Emanaldia dotore joan zen, polito. Umeak ere poz-pozik joan ziren frontoitik. Belaunaldion arteko harremanak bultzatzeko helburua betetzat ematen dugu. Umeak gurasoekin ez ezik, aitona-amonekin eta izeko-osabekin joan ziren. Umeak ez dituzten gazte eta nagusi asko ere egon ziren ekitaldian”.