Berriatuan jokatuko dute banakako Jai Alai World Tourra
Final-laurdenak abenduaren 19an lehiatuko dituzte, finalerdiak abenduaren 26an eta finala urtarrilaren 2an. Aimar, Antxon eta Arbe Lea-Artibaiko pilotariek parte hartuko dute.
Iaz modura, aurten ere Banakako Jai Alai World Tourra Berriatuan erabakiko da. Torneoa zapatuan hasiko da, eta hiru astez jarraian jokatuko dituzte partiduak Mendibarren frontoian. Hiru jardunaldiak 18:00etan hasiko dituzte.
Beste kirol txapelketetan modura, osasun eta segurtasun neurriekin osatutako protokoloagaz egingo dute txapelketa. Zapatuan [abenduak 19] bi final-laurden lehiatuko dituzte. Berriatuko Zesta Eskolako Antxon Alberdi etxebarritarrak Alex Hormaetxea bermeotarraren kontra jokatuko du, eta Jokin Arbe markina-xemeindarrak Aaron Gonzalez de Matauco gasteiztarrari irabazi beharko dio finalerdietan sartzeko. Aste honetako irabazleek, Aimar berriatuarra eta Beaskoetxea gernikarra edukiko dituzte zain abenduaren 26ko finalaurrekoetan.
Mikel Plaza Berriatuko Zesta Eskolaren arduradunaren berbetan, Mendibarren frontoiaren bereizgarriak buruz burukoa jokatzeko egokiak dira, eta puntistek ikuskizun on bat eman ahal izango dutela uste dute.
Izenez eta bere profesionaletako ibilbidea kontuan hartuta, Diego Beaskoetxea da entzutetsuena. Aimar eta Hormaetxea urte askotan dabiltza profesionaletan jokatzea, eta maila altua ematen ari dira. Era berean, profesionalekin jokatzeko aukerak izaten ari diren Antxon eta Aaron maila ona ematen ari dira: “Esango nuke afizionatu mailan azken urteetan gehien nabarmentzen ari den pilotaria Antxon dela. Berriatuko eskolako kidea da umetatik. Antxon eta Aaron dira jendeak gutxien ezagutzen dituenak. Arbe markina-xemeindarra pilotari fina da, ez duena ezer oparitzen, eta irabazi egin behar zaiona. Denek ere maila oso ona eman ahal dute. Ikusten dut txapelketa nahikoa zabala dela. Ez dut faborito argirik ikusten, eta ezusteko bat edo beste egon liteke”, azaldu du Plazak.
Iazko finalean Aimar etxeko pilotariak eta Lopezek ikuskizun ederra eskaini zuten, eta aurten ere horrela izatea espero dute: “Iaz ere txapelketa oso polita irten zen; batez ere finala oso ona izan zen, eta aurten ere horren esperantza daukagu. Buruz burukoan sarritan ez da izaten erraza partidu ona irtetzea, eta iazko finalean zortekoak izan ginen, oso ona izan zen. Ia-ia ezustekoa eman zuen Aimarrek, baina azkenean, Lopezek irabazi zuen. Giro itzela egon zen”.
Oraingo honetan publiko barik egin behar denez, zoritxarrez ezingo dira harmailak beteta ikusi, baina finala Euskal Telebistak emango du.
Berriatuko Zesta Eskolakoek egiten duten lana azpimarratu du Jon Arriola Berriatuko alkateak: “Urte guztian zehar lan asko egiten du, eta partidu eta txapelketa asko antolatu, eta euren ondoan egongo gara laguntzeko”.
Udalari eta herriko zesta eskolari eskerrak emanaz batera, euren parte hartzea garrantzitsua dela nabarmendu du Aitor Arabiurrutia Munduko Pilota Batzarraren kideak. “Egoera soziosanitarioagatik murrizketak dauzkagun arren, beharrezkoa ikusi dugu ahal den neurrian txapelketa aurrera ateratzea. Nahiz eta izar handi batzuk hemen ez ditugun Ameriketan daudelako, bertoko pilotaririk onenak azalduko dira. Daukagun egoeraren ondorioz, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako pilotariek ere ezin dute etorri”.
Berriatuko alkateak gogora ekarri du zestak eta udalerriak daukaten harreman estua: “Berriatuan kirol izarra zesta punta da. Asko eman dio herriari, eta udaletik gure ahalegina egiten dugu guk ere zesta puntari emateko. Nahiz eta aurtengo egoera ez den egokiena herritarrek zesta puntagaz disfrutatzeko, antolatzen laguntzeko apustua egin dugu”.
Final-laurdenak (abenduak 19)
- Antxon VS. Hormaetxea
- Arbe VS. Aaron