'Cabaret Chihuahua', berriro ere ikusgai, "urtea ondo amaitzeko"
Abenduaren 22tik urtarrilaren 10era bitartean hamabi emanaldi eskainiko dituzte. Sarrerak salgai daude, Internetez eta baita telefonoz deituta ere. Emanaldien orduak etxeratze agindua kontuan hartuta zehaztu dituzte.
Ugaitz Alegria eta Iñaki Maruri aktore ondarrutarrek parte hartzen duten Cabaret Chihuahua antzezlan arrakastatsua berriro ikusi ahalko da Gabonetan, Bilboko Pabellon 6 aretoan. «Urte korapilatsu honekin amaitzeko eta datorrenari hasiera emateko ez zitzaigun modu hoberik bururatzen», esan dute antolatzaileek. Sarrerak Internetez edo telefonoz deituta (686 79 37 91) erosi ahal dira.
Abenduaren 22tik urtarrilaren 10era bitartean hamabi emanaldi eskainiko dituzte: abenduak 22, 23, 26, 27 (sarrerak agortuta), 29, 30 eta urtarrilak 2, 3, 7, 8, 9 eta 10. Abenduaren 26ko saioa izan ezik, gainontzeko egunetako emanaldiak 19:00etan izango dira; abenduaren 26koa 12:00etan izango da. «Ikuskizunak 90 minutuko iraupena dauka (atsedenik gabe). Beraz, etxeratze agindua kontuan edukita, ikusleak 22:00etarako etxean egon ahal dute».
Obraren arrakasta. Ikuskizuna 2013ko abuztuan estreinatu zuten, Pabellon 6 aretoan. Dena dela, urte hauetan guztietan Euskal Herriko beste herri batzuetan ere eskaini dute obra arrakastatsua. «Hainbesteko arrakasta eduki du ze, aurtengo Gabonetan 200. emanaldia eskainiko dutela; abenduaren 27ko emanaldia izango da 200.a».
Ironiaz baliatuta eta zuzeneko musikagaz, krisiak kabaretean ere eduki duen eragina da obraren ardatza. «Gaiak, zoritxarrez, gaurkotasun handikoa izaten jarraitzen du».
Mundu oniriko eta errealaren arteko mugan, ondoko pertsonaiak agertzen dira ikuskizunean: Liza Minelly, Marilyn Monroe, Amy Winehouse, Cantinflas, Frida Kahlo, Montserrat Caballe eta Sabino Arana.