Euskaltzaindiak itsas arrantzaren lexikoaren liburukia aurkeztu du
Argitalpena ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea helburu duen Euskaltzaindiaren ‘Euskararen Herri Hizkeren Atlasa’-ren hamaikagarren eta azken liburukia da. Proiektua 1984an hasi zela gogorarazi dute.
Euskaltzaindiak itsas arrantzaren lexikoa jaso du Euskararen Herri Hizkeren Atlasa-ren hamaikagarren liburukian. «Funtsean, Bermeotik hasi eta Donibanerainoko kostaldeko herrietako lexikoa jasotzen du liburukiak», azaldu du Adolfo Arejita proiektuaren zuzendariak.
232 mapaz osatutako liburuki berrian ondoko gaiak jorratu dituzte: ofizioak eta tresnak, itsasontzia eta eskifaia, itsas arrantza eta beste lanbide batzuk, gizarte-bizitza, pisuak, neurriak, dirua eta koloreak.
Ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea helburu hartuta, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa 1984an jarri zen abian. «Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren, eta horietan bizi ziren 320 lagun elkarrizketatu ziren. Inkestekin 2.400 zinta grabatu ziren. Euskaltzaindiak bilduta dituen grabazioak 4.000 ordutik gora dira (batez beste, 27 ordu herriko)». Azken liburukiak Atlasaren etapa baten amaiera irudikatzen duela esan du Andres Urrutia Euskaltzainburuak. «80ko hamarkadatik jasotako materiala beste egitasmo batzuk ontzeko eta moldatzeko baliagarria izango da aurrerantzean».
Aurreko liburukiak. 2010ean kaleratu ziren I. eta II. liburukiak. Gero, urte bakoitzeko liburuki bat argitaratu zuten. Azpimarratu dute liburuki guztiak kontsultagai daudela, bai PDF formatuan, eta baita ere Euskaltzaindiaren webgunean. «Horrez gain, V. eta VI. liburukiak ikusgai eta entzungai daude webgunean».
Arejitaren berbetan, «euskararen lehenaren ezaguera sendo eta ziur baten oinarrituta, Atlasa-k gaur egungo eta geroko euskarak bizirik irauteko eta modernizaziorako zimendu egonkorra eskaintzen digu. Huraxe izan zen Azkueren gogoa. Horixe Mitxelenarena. Eta horretan dihardu Euskaltzaindiak».