Jatorri aniztasuna eta elkartasuna lantzeko proiektua jarri du abian Markina-Xemeingo Udalak
Aurrera begira eman beharreko pausoak irudikatzeko eta adosteko jardunaldi bat egingo da barikuan [abenduak 18] Markina-Xemeingo frontoian.
Markina-Xemeinera bizitzera datozen pertsona guztiek harrera integrala jasotzea bermatuko duen protokolo bat osatzen hasi da Markina-Xemeingo Udala, Aztiker Soziologia Ikergunearen laguntzagaz. Proiektuak, herriaren eta herritarren argazkia eguneratua emateaz gainera, herriko komunitate ezberdinekin harremanak sendotzeko balioko duela azaldu dute.
Zein komunitate eta erreferentzia kultural bizi dira gaur egun herrian? Zeintzuk dira ezagunak zaizkigun komunitateak eta zein gehiago daude? Zein dira etorri berrien eta bertakoen arteko elkarbizitzarako oztopoak eta erronkak? Zer egin dezake Udalak harrera eskeman, eta elkarbizitza bultzatzeko? galderei erantzun nahirik fase ezberdinetan banatu dute prozesua.
Aurrera begira eman beharreko pausoak irudikatzeko eta adosteko jardunaldi bat egingo da barikuan
Lehenengo fasean jatorrien mapa ezagutu eta sozializatzeko web aplikazioa garatu dute datuetan oinarritutako informazioa herritarren esku uzteko. Urrian azaldu zuten mapa, eta udalaren web orrialdean dago ikusgai. Horrez gain, zuzenean herriko komunitate ezberdinen ahotik erantzunak aurkitzen saiatzeko elkarrizketak ere burutu dituzte. Ā«Elkarrizketen aniztasuna bermatzeko hainbat irizpide hartu dira kontuan. Aldagai garrantzitsuena jatorria izan da, eta hortik aurrerakoak adina, sexua, lan sektorea eta abarĀ», argitu dute.
Eta azkenik, jatorri ezberdinetako herritarren artean aurrera begira eman beharreko pausoak irudikatzeko eta adosteko, jardunaldi bat egingo da barikuan [abenduak 18], 18:30ean, Markina-Xemeingo frontoian.
Datozen urteetan hainbat proiektu jarriko dituzte abian
Zirriborroa osatzen. Azaldu dutenez, datu kuantitatiboen ustiaketan oinarrituta, eta talde elkarrizketa sakonetan jaso den informazioa aintzat hartuz, Markina Xemeingo Harrera Protokoloaren zirriborroa osatzen hasita daude udala eta Aztiker, eta bertan jasotakoa herritarrekin eta herriko eragileekin partekatu eta eztabaidatzea izango da jardunaldiaren helburua.
Lanketa horrek hobetu beharreko gai ugari azalaraziko dituela dio udalak, eta, beraz, datozen urteetan horiek lantzeko proiektuak jarriko dituzte abian.