Markina-Xemeingo Udalak bizikleta ibilbideen berri emango du
Lehen proposamena prestatu dute, eta herritarrei emango diete ezagutzera. Herritarren ekarpenak jaso eta proposamenean barneratzea izango da hurrengo pausoa.
Markina-Xemeingo bizikleta ibilbidearen proposamenaren inguruko azalpenak emateko batzar bi egingo ditu eguenean [abenduak 17] Markina-Xemeingo Udalak. Batzarrak zabalak dira, eta nahi duten herritarrek parte hartu ahalko dute. Hala ere, edukiera mugatua denez, herritarrek aurretiazko hitzordua hartu beharko dute udaletxeko Berton bulegoan. 12:00etan izango da bilera teknikariekin eta 18:00etan alkateagaz.
Hirigintza inklusiboa eta jasangarria bultzatzea helburu Irisgarritasun Plan bat landu nahi du udalak, eta horren baitan bizikletentzako ibilbidea egin nahi dute herrigunean. Egitasmo horren lanketa bat egin eta proposamen bat diseinatu dute, eta horren berri eman nahi diete herritarrei euren ikuspuntua eta ekarpenak ere jasotzeko. “Bizikletentzako ibilbideak herriko mugikortasuna aldatuko du, eta herritarren iritziak jasotzea beharrezkoa dela ikusten dugu”, azaldu du Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkateak.
Herritarren ekarpenekin lehen proposamena osatu edo eraldatu egingo dute, eta horren arabera azken proiektu bat osatuko dute. “Prozesu parte hartzailea izatea nahi dugu, eta beraz, eguenean parte hartzerik ez duenak udaletxean hitzordua hartu dezakete ekarpenak egin edo xehetasunak jakiteko”, argitu du alkateak.
Herritarren ekarpenak idatziz ere jaso dituztela jakitera eman du alkateak, eta lehendik dauden beste batzuk ere kontuan izan dituzte. Bileretan euren proposamena eta prestatu duten planoa azalduko dituzte, hala ere, sare sozialen bidez ere ikusgai jarri dute planoa eta udaletxeko horman, udaltzaingoaren bulegoaren alboan jarri duten panel informatiboan ere ikusgai dago jada.
Herritarrek udaleko informazioa, formatu digitalaz gain, panelean ikusteko aukera izatea da panel informatibo berriaren helburua. Momentu honetan, bizikleta ibilbideen proiektuaren planoaz gain, prebentzio neurri berrien bandoa (Covid-19) eta EAEtik ateratzeko ziurtagiri eredua eta ostalarientzako diru-laguntzen informazioa daude ikusgai.