Gabonetako neurriak gogortzea "posible" dela dio Urkulluk
Barikuan [abenduak 18] programatuta dagoen LABIn jakitera emango du Jaurlaritzak neurriak gogortuko dituen edo ez. Datuen garapena aztertuko dute eta mahai gainean egongo dira, besteak beste, mugikortasuna, Gabonetako afari eta bazkarietako aforoak eta etxeratzeko ordutegia.
Gabonetarako planaren inguruko adostasunik ez dute lortu erkidegoetako presidenteek. Atzo [abenduak 16] eduki zuten bilera Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko buruagaz, eta ez zen egon erkidegoen artean adostasunik denak berdin egiteko. Beraz, plana bere horretan gordetzea erabaki dute, baina erkidegoek aukera edukiko dute neurriak gogortzeko, tokian tokiko egoera epidemiologikoaren arabera.
Barikuan [abenduak 18] programatuta dagoen LABIn jakitera emango du Jaurlaritzak neurriak gogortuko dituen edo ez. Datuen garapena aztertuko dute eta mahai gainean egongo dira, besteak beste, mugikortasuna, Gabonetako afari eta bazkarietako aforoak eta etxeratzeko ordutegia.
IƱigo Urkullu lehendakariak esan duenez, neurriak gogortzea beti izan da aukera bat, eta dena “berrikusi” daitekeela gaineratu du.
Orain arteko planaren arabera, baimendu egiten dira Gabonetan erkidego batetik bestera joateko bidaiak, baina propio izan beharko dute topaketa horietara joateko eta horietatik bueltatzeko. Abenduaren 23 eta 26 bitartean eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra.
Dena dela, Gabonak aurretik neurriak gogortzea “posible dela” esan du Urkulluk, eta atzera ez egiteko konpromiso maila bera mantendu behar dela adierazi du. “Prebentzioa pertsona bakoitzaren kontzientzian dago. Oinarrizkoa da gure ahalegina ezinbestekoa denaren kontzientzia izatea”.
Txertoa. Bestalde, astelehenean [abenduak 21] Europako Sendagaien Agentziak Pfizer-en txertoari onespena ematen badio, abenduaren 27an jarriko lukete abian koronabirusaren aurkako txertoa Europar Batasunean. Horrela iragarri du Ursula von der Leyen Europar Batasuneko presidenteak.
Hala ere Urkulluk adierazi duenez, udarako Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako biztanleen %40 txertoa hartuta egon daiteke, baina taldeko inmunitatea ez da lortuko udazkenera arte.