Nahia Quincocesek Munduko Koparen lehen proba lehiatuko du asteburuan
Italiako Adamello Ski Raid da Munduko Kopako lehenengoa, eta horretan parte hartuko du mendi eskiatzaile mendexarrak. Zapatuan [abenduak 19] esprint lasterketa lehiatuko dute, eta domekan [abenduak 20] lasterketa bertikala.
Nahia Quincoces mendexarra ISMF Mendiko Eskiaren Munduko Kopako lehen proban ariko da asteburu honetan [abenduak 19-20]. Italiako Ponte di Legno-Tonalen jokatuko dute Adamello Ski Raid txapelketa. 80m-ko desnibeldun zirkuituan egingo dute esprint lasterketa zapatuan [abenduak 19], 16:00etan hasita, Corno d’Aola eski pistan. Domekan [abenduak 20], ostera, 2,5 kilometroko lasterketa bertikala lehiatuko dute, 10:00etatik aurrera, aipatu eski pista dagoen bailaran.
Asteburu honetakoa txapelketa berezia dela dio Quincocesek. “Normalean, Munduko Koparen probetan beti egoten da bakarkako bat, eta laburretariko bat, edo sprinta edo bertikala. Eta oraingoan, lehenengoan sartu dituzte sprinta eta bertikala. Biak proba laburrak dira; esprinta bost minututik beherako proba bat da, eta bertikalak 700m-ko desnibela edukiko ditu. Gaur ikusten egon gara, eta aldapa oso gogorrak dira, horma handiak. Indar asko beharko da”.
Pandemiaren ondorioz, aurreko denboraldia halabeharrez eten zitzaien, eta aurreko urteekin alderatuta, entrenatzeko aukera gutxiago eduki dute. Lasterketak egingo direnaren zalantzagaz egon dira, eta bizitako ziurgabetasun egoeraren ondoren, proba honetan egoteagatik bakarrik pozik dagoela dio mendexarrak, “luxua” dela: “Aurreko denboraldia nahi baino arinago amaitu zitzaigun, eta etenaldi luzea eduki genuen, denok entrenamenduak utzi genituen. Ziurgabetasun horregaz entrenatzea pixka bat gaitzagoa izan da nire kasuan behintzat”. Gainera, elurretara joateko arazoak eduki dituzte. Frantziako Alpeetan bi kontzentrazio egitekoak ziren, eta ezin izan zuten joan, hango eski estazioak itxi zituelako gobernuak: “Horrek eragin digu. Gero astebete Suitzara entrenatzera joateko aukera eduki genuen, eta ondo entrenatu genuen. Italiara ziurgabetasunagaz nator. Denboraldiko lehen proba aurretik beti edukitzen duzu ziurgabetasuna, baina aurten are gehiago”.