Azken orduetan lau kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibain
Lekeition 3 positibo berri atzeman zituzten atzo [abenduak 17], eta 1 Ondarroan. Azken egunetako joerari eutsita, Lekeitioko intzidentzia tasa goraka doa; astelehenean 55,20ko intzidentzia edukitzetik 138,01eko tasa edukitzera pasa da.
Azken 24 orduetan COVID-19arekin kutsatutako lau kasu berri erregistratu dituzte Lea-Artibain: 3 Lekeition eta 1 Ondarroan. Gainontzeko herrietan ez dute kasu berririk erregistratu. Lekeition izan ezik, gainontzeko herrietan intzidentzia tasak behera egiten jarraitzen du. Lekeition, baina, lau egunetan ia hirukoiztu egin da intzidentzia tasa; astelehenean 55,20ko intzidentzia tasa zeukan, eta eguenean 138,01ekoa.
Lekeitiok, Ondarroak eta Mutrikuk gune horian egoten jarraitzen dute; Ondarroak 128,06ko tasa dauka, eta Mutrikuk 224,97koa. Bestalde, Jaurlaritzak Markina-Xemein 5.000 biztanle baino gutxiagoko herria balitz bezala hartzen badu ere, izatez 5.000 baino gehiago ditu, eta semaforo sisteman eremu berdean egongo litzateke. Izan ere, 40,29ko intzidentzia tasa dauka (60tik behera dutenak daude eremu berdean).
Gune gorrian dauden herriak. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak gune gorrian dauden herrien zerrenda argitaratu zuen atzo [abenduak 17]. Gogorarazi behar da gune gorrian dauden herrietan ostalaritza establezimenduak itxita egon behar dutela. Gune gorrian dauden herrien zerrenda astelehenero eta eguenero argitaratzen du Jaurlaritzak:
- 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak (5): Aretxabaleta (718,51), Arrasate (1.146,98), Azpeitia (650,95), Beasain (651,44) eta Ordizia (742,23).
- 5.000 biztanle baino gutxiago duten udalerriak (7): Aramaio (929,61), Iruña Oka (1.963,57), Zigoitia (759,35), Zuia (887,95), Eskoriatza (516,61), Segura (1.904,14) eta Zaldibia (552,15).