Antxon eta Arbe, Berriatuko finalerdietara
Banakako Jai Alai World Tourraren finalerdietan, Antxonek Aimarren kontra jokatuko du, eta Arbek Beaskoetxearen kontra.
Zapatuan hasi zuten Banakako Jai Alai World Tourra, eta eskualdeko pilotariak nagusitu ziren. Hortaz, finalerdietan ariko diren lau puntistetatik hiru Lea-Artibaikoak izango dira. Aimar-Antxon eta Beaskoetxea-Arbe lehiatuko dira finalerako txartela lortzeko. Zapatuan [abenduak 26] 18:00etan hasiko da lehen finalerdia.
Zapatuko final-laurdenetan faboritoak nagusitu ziren. Aurkariek, baina, ez zieten erraz jarri. Mikel Plaza Berritxu Zesta Eskolako arduradunak esan du “partidu lehiatuak” izan zirela: “Pentsatu baino gerra gehiago eman zieten galdu zutenek”.
Alex Hormaetxea bermeotarraren lekua hartu zuen Julen del Rio gasteiztarrak, eta Antxon Alberdi Berriatuko eskolako kideak zortzi tantotan utzi zuen bi setetan. Del Rio gaztearen ahaleginaren aurrean, etxebarritarraren eskarmentua nagusitu zen. Del Riok eskumagaz nahikoa min egiten du, baina kantxan lekua topatu ezinik ibili zen, eta pilota asko errebotera bota zituen, eta Antxonek errebotean min handia egin zion.
Munduko Pilota Biltzarraren arduradunen berbetan, “esperientzia gradu bat dela frogatu” zen. Bi setak irabazita (12-8) finalerdietarako txartela eskuratu zuen Antxonek, eta Aimar iazko txapeldunordearen kontra ariko da zapatu honetan. Biak Berriatuko Zesta Eskolakoak dira, eta lehia polita eta sanoa espero da. “Aimar da faboritoa, baina Antxon nahikoa arriskutsua da, Berriatuko frontoia oso ondo ezagutzen du, eta gerra emango dio”, nabarmendu du zesta eskolako kideak.
Beste final-laurdena Jokin Arbe markina-xemeindarraren eta Aaron Gonzalez de Matauco gasteiztarraren artekoa izan zen. Eskualdeko pilotariak nahikoa lan egin behar izan zuen arabarra mendean hartzeko. Lehenengo seta gorabeheratsua eta oso estua izan zen, eta azken tantoan erabaki zen. Hamaikana berdinduta zeudela, Aaronek hutsegitea egin zuen. Bigarren setean, ostera, beteranoa hobeto aritu zen, eta ez zion aukerarik eman gasteiztarrari; 12-7 amaitu zuten. Arbek sasoian dagoela erakutsi zuen, eta Beaskoetxearen kontra lehiatuko du finalaurrekoa.