Martxa onean doa Markina Xemeingo Harrera Protokoloa
Jatorri aniztasuna lantzeko egindako azterlanaren ondorioak ezagutzera eman ditu Markina-Xemeingo Udalak. Biztanleriaren azterketa bat egin zuten lehenengo eta profil ezberdinetako 13 emakumezko eta 4 gizonezko elkarrizketatu dituzte ondoren.
Barikuan Uni frontoian egindako aurkezpena. Markina-Xemeingo Udalak jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzeko egiten ari den proiektuaren berri eman zuen barikuan [abenduak 18] Uni frontoian egindako ekitaldian. Aztiker Soziologia Ikergunearen laguntzagaz diagnostiko bat egin dute Markina-Xemeinen azken urteetan nondik norako jatorri aniztasuna duen jakiteko.
Ikerketaren aurkezpena urriaren 26an egin zuten Esperantza aretoan. Bilera hori egin ondorengo pausoa elkarrizketak egitea izan zen. Horretarako Aztiker enpresak profil ezberdinak hartuz 17 pertsona (13 emakumezko eta 4 gizonezko) elkarrizketatu zituen, komunitate ezberdinetakoak, udal langileak, hezkuntzako langileak eta gai honen inguruan sentsibilitatea dutenak ere parte hartu zuten.
Ekitaldia Uemak prestatu duen ongietorri bideo bategaz hasi zen. Bertan, Euskal Herrian bizi diren komunitate ezberdinetako bizilagunen testigantzak biltzen dira, euskara ikastea bertako kultura ezagutzeko modurik edarrena dela nabarmenduz eta beraien herrialdekoei horretarako gonbidapena eginez. Eta ondoren, Aztiker enpresako arduradunek Markina-Xemeingo jatorri aniztasuna lantzeko egindako azterlanaren ondorio nagusiak azaldu zituzten.
Egindako elkarrizketetatik lortutako ondorioak azaltzeagaz gainera, aurrera begira bizikidetza hori hobetzeko urratsak proposatu zituzten.
Instituzioek informazio gehiago eta eraginkorragoa ematea botatzen dute faltan
Azterlana. Lanak bi parte izan dituela azaldu zuten Aztiker enpresakoek. Biztanleriaren azterketa bat egin zuten lehenengo, eta horren arabera, Markina-Xemeingo bost komunitate nagusiak Senegal, Maroko, Errumania, Nikaragua eta Espainiatik etorritako bizilagunenak dira. Azterketaren bigarren partean burutu dituzte elkarrizketak, pertsona bat iristen denean garrantzi handia hartzen duten hiru eremu nagusitan oinarrituta: harrera instituzionala, hezkuntza eremua eta eremu soziala. “Ikuspuntu ezberdinak eduki nahi izan ditugu kontutan kontakizun bateratu bat egiteko”, argitu zuten.
Pertsona bat udaletxera iristen denean bereziki errolda agiria lortzeko izapideak egitera joaten dela azaldu zuten, eta elkarrizketetan jasotakoaren arabera, faltan botatzen dute informazio gehiago eta eraginkorragoa ematea. “Laguntzen da dokumentazioa betetzen, baina horretan geratzen da. Akonpainamendu, aholkularitza edo mintzakide baten falta sumatzen da”, azaldu zuten. Egoera erregularizatzeko ezinbesteko pausoa dela esan zuten kanpotik datozenentzat, beraz hor lan garrantzitsu bat dagoela egiteko esan zuten. Errolda egiteko arazoez gain, erroldaren erabilera okerrak ere aitatu zituzten. “Badira erroldatuta dauden pertsonak eta herrian bizi ez direnak, horren jarraipena egiten da”. Horrez gain, gizarte langilea erreferentzia izaten dela esan zuten, eta azkenean denetariko lanak egiten amaitzen duela.
Azpimarratu zutenez, hezkuntzaren eremua gakoa da inklusiorako, komunitate ezberdinen arteko interakzioa ematen delako. Gainera, hezkuntza arloan harrera egitaratuta dago, prozedura zehaztuta dago eta hori positiboa da. “Ikusten da gurasoen inplikazio handiagoa beharrezkoa dela haurrak eskolara sartzen direnean, baina, aldi berean kanpotik etorritako gurasoek zailtasunak dituzte haurrei laguntzeko. Eskoletan esperientzia positiboak daude ikasleei laguntzeko”. Aldi berean ikusi dute guraso elkarteetako ordezkaritzan ez dagoela aniztasunik, herrian jaiotako jendea da gehiengoa. “Hutsuneak daude bai eta kurtso erdian haltzen diren umeekin, bekekin, diru laguntzekin…”.
Aztikerrekoek nabaritu dutenez, inklusiorako gakoetako bat hizkuntza da
Ohitura desberdinak edo gauzak ulertzeko modu desberdinak daudelako, eremu sozialean ezberdintasun kulturalak edo talkak ematen direla antzeman dute, esate baterako auzokideen arteko hartu emanetan, lanean, ikasketetan… Ikusten denez, urteak igaro ahala, gero eta txikiagoa da komunitateen arteko hartu emana. “Hau ematen da batez ere, lehenengo migranteak ailegatu zirenean herritarrekin hartu emanetan egon ahal zirelako bakarrik. Gaur egun, kanpotik etorritako komunitateak zabalagoak dira eta eurak egiten dute harrera. Beraz, komunitateak handituz joan dira, baina, era berean, isolatuago daude”.
Besteen kultura ezagutzeko ardurarik eza, komunitateek espazio propiorik ez dutela eta ordezkaritzarik ez dutela aitatu zuten, eta eskolaz kanpoko jardueren garrantzia azpimarratu zuten. Bestalde, migranteak instituzioen laguntzagaz bizi direnaren ustea badago ere, errealitatean egoera prekarioak daudela ikusi dute.
Aztikerrekoek nabaritu dutenez, inklusiorako gakoetako bat hizkuntza da, kasu honetan euskara. Bestalde, etxebizitzari dagokionez, alokairurako aukera murritzagoak dituzte jatorriaren arabera, eta emakumeak batez ere zaintza lanak burutzen dituzte eta kontziliaziorako arazoekin aurkitzen dira. COVID-19 pandemiak ere eragina izan duela aitatu zuten, euskara erabiltzeko aukerak murriztu dituelako eta zaintza lanetan aritzen diren emakume migratuen artean arazo sozioekonomiko zaurgarrian utzi dituelako.
Erronkak. Aurrera begirako erronken artean hiru atal bereizi dituzte: Lehen harrera antolatzea (udalekoa, hezkuntza eremukoa eta soziala), lehentasunezko beharrak asetzea (etxebizitza, enplegua, zaintza eta kontziliazioa) eta kultur aniztasunaren kudeaketa (hizkuntza, elkar ezagutza eta gizarte sareen partaidetzaren sustapena). Hiru atal horiek hobetzeko proposamenak ere luzatu zituzten. Eta amaitzeko, ekarpenak egiteko tartea zabaldu zen.